Jolasten ikasteko udalekuak
Teknologia berrien inguruko udalekuak jarri ditu martxan Goierri Eskolak. 09:00etatik 14:00etara izango dira. Aste honetaz gain, uztailaren 3tik 7ra eta 10etik 14ra egingo dira.
Goierri Eskolak jolastu bitartean ikasteko udaleku teknologikoak jarri ditu abian aste honetan, 9 eta 14 urte arteko haurrentzat. Udalekuetan, teknologia ezberdinak erabiliz diziplina ezberdinetako proiektuetan murgilduko dirz. Ikasketak eta jolasa uztartuta, teknologia berriekin trebatuko dira.
Hiru zatitan banatu dituzte udalekuak. Lehenengoa astelehenean hasi zen, eta ostiralera arte iraungo du. Bigarrena uztailaren 3tik 7ra izango da, eta hirugarrena, berriz, uztailaren 10etik 14ra. Guztiak 09:00etatik 14:00etara izango dira. Hiruretan, bitan zein bakarrean parte hartu daiteke. Aste honetakoa martxan dago jada, baina hurrengoetarako izena eman daiteke oraindik, goierrieskola.eus helbidean. Aste baterako prezioa 100 eurokoa da, eta bi astetakoa 180 eurokoa.
Atzo, Spike software-aren bidez, robotika eta programazioa landu zuten Lego Spike-ekin 13 bat umek. 3D inprimagailuak erabiliz anatomia landuko dute, zientzia eta teknologia batuz. Lego Challenge, Tinker CAD, Arduino edota Minecraft software-ak ere erabiliko dituzte, diseinua, robotika eta programazioa jorratzeko. Errealitatearekin lotutako proiektu ezberdinak garatuko dituzte, betiere jolasari tokia emanez. Ikasgelakoaz aparte, ohiko jolasak ere egiten baitituzte. Monitoreak Goierri Eskolako batxilergoko ikasleak dira, eta ikasgai nagusiak bertako irakasleek eskaintzen dituzte.
STEAM metodologia
Irakasle eta monitoreen begiradapean, gaur egun baliagarriak diren proiektu digital errealak sortuko dituzte, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak uztartzen dituen STEAM hezkuntza metodologian oinarrituta.