Kutixi bila joaten dira sukaldariak feriara
Gaurkoan, berenjenak, Aretxabaleta motako tomateak eta milorria aurkitu dituzte berritasunen artean. Loreetan, hortentsiak, daliak eta gladioloak dira nagusi.
Ekainari agur esateko feria izan da gaurkoa, eta triste eta garai honetarako fresko egin zaio despedida hilabete honi. Produktu berriek, loreek eta Uruguaiko euskal etxeetatik Euskal Herrira bisitan etorritako lagunek eman diote kolore pixka bat ekaineko azken feriari.
Produktu berri horien peskizan sukaldariak ibiltzen dira astero, eta gaur ere, besteak beste Kuko jatetxeko Iñaki Telleria eta Hika txakolindegiko Roberto Ruiz ikusi dira horretan.
Postutik postura ibiltzen dira biak, eta gaur, besteak beste, Iñaki Intxaustirena bisitatu du Telleriak. Berenjena edo alberjinia ekologikoak zituen zeraindarrak berritasun gisa, kiloa 2,5 euro, Aretxabaleta motako tomatearekin batera (5,5 euroan kiloa).
Ruiz, berriz, Edurne Jauregiren postuan egon da erosten, eta zilantroaz edo martorriaz hitz egiten. Mediterranear jatorria izanda ere, hemengo sukaldeetan asko erabiltzen ez den gozagarria dela esan du, judutarren sukaldaritzarekin lotuta zegoelako eta haiek XV. mendean kanporatu zituztenean perrexilak ordezkatu zuelako. Sorta euro batean zuen salgai Jauregik.
Baliarraindar honek loreak ere bazituen, hortentsia urdinak eta agapanthus lore ikusgarria. Sorta 4 euroan zuen salgai.
Gladioloak eta daliak ere bete-betean daude garai honetan, eta sortak 4 eta 5 euro artean daude.
Kanpoko azenarioak
Jauregik azenario berriak ere bazituen, sukaldari horiek asko estimatzen dituzten tamaina txikikoak gainera. Aire librekoak ziren, Maria Jesus Oriak zituenak bezalakoak; sortaka zituzten salgai, 2 euroan sorta.
Bi baserritar horiek, bestalde, azak ere bazituzten. Eta udan sartuta egon arren, oraindik asko saltzen direla esan du Jauregik. Oria, berriz, kexu izan da salmentekin. Jendeak buruan oporrak besterik ez dituelako, gutxi gastatzen ari dela zioen.
Zizak, beheraka
Perretxikoen atala ere apaltzen hasia da eta salgai jarritako ziza kopuruan antzematen da hori.Gaur, Barcina eta Lasaren artean 145 kilo eskaini dituzte, kiloa 10 eta 38 euro artean. Onddoak ere bazituzten salgai, 100 kilo guztira, 25 eta 30 euro artean. Hamar kilo gibelurdinek (30 euro/kiloa), lau kilo gorringok (35 euro) eta hoge kilo ziza horik (20 euro) osatu dute eskaintza.
Inguruko perretxikoak erosteko aukera ere izan da, eta Lasak gertuko basoetan bildutako hamar kilo onddo zituen, kiloa 30 euroan. Plaza barruan, berriz, Axun Etxeberriak bi kilo ziza hori jarri ditu salgai, kiloa 20 euroan.
Kanpokoetan, Klaudia aranak berritasun
Fruta saltzaileen postuetan ere izan da berritasunik gaur goizean, Klaudia arana alegia. Kiloa 4,95 eta 5,95 euro atean jarri dute salgai. Bestalde, canella motako madaria ere geroz eta ugariagoa da (kiloa 3,5 eta 4,95 euro artean) eta laster moscatel mahatsa iritsiko dela esan dute fruteroek.