Larunbatean X. Tokata txapelketa jokatuko da
Ordizia Rugby Elkarteak urtero antolatzen duen tokata txapelketa larunbatean jokatuko da, Altamiran. Aurten hamargarren aldia izango da. Errugbi modalitate bat da tokata. Plakaketarik ez dago eta, aurkaria ukituz gero, baloia berreskuratuko du taldeak. 10:00etan hasiko dira partidak. Taldekako fase bat jokatuko da aurrena, lau talderekin, 12:00ak arte, anexoko bi zelai erdietan eta Altamirako beste bi zelai erdietan. Talde bakoitzak hiru partida jokatuko ditu. 13:00etan bazkaria eskainiko dute parkinean partaideentzat, eta bitartean, 13:00etatik 15:00etara, partidek jarraituko dute. Urrezko, zilarrezko, brontzezko eta egurrezko koilara ligetan banatuko dute bigarren fasea. Zelai osoan jokatuko da finala. 15:00etan izatea aurreikusi dute.
Azpiegituragatik, kopuru mugatua du txapelketak. Iaz parte hartu zutenek lehentasuna dute, eta iazko guztiek hartuko dutenez parte, ez da talde berririk izango. Halere, jokatu nahi duenak egunean bertan joan daiteke zelaira, eta partaide gutxiago dituen taldean egingo zaio lekua. 17:00etan, Ordiziako tabernetan poteoa egingo dute eta sariak banatuko dituzte.