Olaberrian basoak hobetzeko lehen lanen balantzea egin dute
Olaberriko herri-lurretako 18 hektareatan bertako basoak berreskuratu eta egoera hobetzeko lanak egin dituzte.
Olaberrian herri jabetzako basoak ugaritu, sailak eskuratu, eta ingurumen aldetik berreskuratzeko eta hobetzeko langintzaren hiru urteko lanaren errepasoa egin dute. Udaleko Ingurumen Saila 2021ean hasi zen herriko paisaia eta ondare naturala hobetzeko lanean. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren babesarekin eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) kofinantzaketa komunitarioarekin, Naturtzaindia elkarteak aritu da ondare naturala hobetzeko proiektuan.
Olaberriko herri-lurretako 18 hektareatan bertako basoak berreskuratu eta egoera hobetzeko lanak egin dituzte. Iaz beste hiru lursail eskuratu zituzten, 28.458 metro koadro denera, ia 3 hektarea.
Zenbait esku hartze eta lan egin dira sail horietan, bertako hostozabalak landatuta basoak berreskuratzeko lehen urrats gisa. Baso eremuen egitura hobetzeko lanak eta espezie exotiko eta inbaditzaileak erauzteko lanak –bertako espezieen mesedegarri izateko– burutu dituzte, eta hesi-biziak sortu ere bai, landa-paisaia eta natura-ondarea babesteko.
Eskolaren inplikazioarekin
Azkenik, saguzarrentzako 26 babes-kutxa jarri dituzte, baso eremuetan estrategikoki kokatuta. Legez babesturik dauden animalia horien babes eskaintza areagotzea da horren helburua.
Olaberriko Herri Eskolak parte har zezan nahi zenez, zenbait ekintza egin dituzte haurrekin. Espezie askotako 400 zuhaitz landatu dituzte ikasleek, eta saguzarrei buruzko sentsibilizazio ekintza bat izango dute irailean.
«Honekin guztiarekin, Olaberriko paisaiak eta ingurumenak eskaintzen dizkiguten funtzio ezberdinak orekatu eta aberastea lortu nahi da, Olaberria iraunkorrago eta bizigarriagoaren alde», azaldu dute udalak eta Naturtzaindiak. Hurrengo urteetan norabide berean lanean jarraitzeko asmo irmoa daukatela gaineratu dute.