Tourrak goierritarren mugikortasuna baldintzatuko du igande osoan
Frantziako Tourrak Goierri alderik alde zeharkatuko du uztailaren 2an. Errepideak erabat itxiko dituzte aurretik eta ondoren. Goierritar ugari bakartuta geldituko dira.
Frantziako Tourrak ondorio ugari eragingo ditu uztailaren 2an Goierrin. Bereziki, Udanatik Larraitzera arteko errepideetan eta herrietan. Bost bat orduz ezingo da kotxerik mugitu eta bertako biztanleen mugikortasuna baldintzatuta egongo da.
Legazpin
Legazpin Brinkolako, Telleriarteko eta Aztiriako auzotarrei eragingo die, nagusiki. Udana eta Aztiria arteko zatia 10:30etik 15:00etara egongo da moztuta, gutxi gorabehera. Ordu horietan desplazamenduren bat egin behar dutenek, aurretik herrian utzi beharko dute ibilgailua, eta bertara oinez edo trenez joan. Motxorrotik Bikuña-txikira doan bidean egokituko dituzten aparkalekuetan ere utzi ahal izango da kotxea.
Beasainen
Beasaindarrei ere zuzenean eragingo die lasterketak. Hauek ere itxita geldituko dira, herriko sarrera irteera gehienak txirrindulariek erabiliko dituztelako. Soilik Bernedoeneatik N1 errepiderako sarrera–irteera egongo da erabilgarri. Udal agintariek, udaltzaingoaren laguntzarekin, bertan aparkatzeko gomendioa egin diete herritarrei.
Aitor Eskalante Udaltzainburuak zailtasunak aurreikusi ditu. «Guztira ia 400 auto dira kendu behar direnak. Hori da daukagun arazo larrienetako bat». Ekainaren 30a jarri dute autoak kentzen hasteko eguna. Ihurretik barrera, Katetik sartuko da Tourra Beasainen. Igartza Oleta, Dolarea, Zapatari, Trenbide, Maitteko biribilgunea, Zaldizurreta eta Ezkiagatik Ordiziara joango da lasterketa. Kale guzti horietan ezingo da aparkatu.
11:30etik aurrera Beasain barruko zirkulazioa debekatuta egongo da. «Ordu horretatik aurrera kale guztiak trafikoari itxita egongo dira. Ezingo da Beasainera sartu, eta ezta Beasaindik irten ere. Gomendatzen da egun horretan kotxea ez hartzea», esan du Escalantek. 12:40ean Tourreko publizitate karabana pasatuko da. Ordu horretatik aurrera, oinezkoek ere ezingo dute errepidea gurutzatu, karrera pasatu arte. Bi oinezko pasaleku egokituko dituzte: geltokian eta Joan Iturralden, anbulatoriora joateko bidegurutzean. 14:40ean pelotoia pasatuko da. Lasterketaren ondoren, «lan talde bat dago antolakuntzak jartzen dituen hesi eta seinale guztiak jasotzeko. Espero da 16:00ak alderako herriak normaltasuna berreskuratuko duela».
Herritik irten eta herrira ezin sartu ahal izateko muga konpontzen «behin eta berriz» saiatu direla esan du Leire Artola Beasaingo alkateak. «Behin eta berriz eskatu dugu kiroldegi paretik Salbatore alderako errepidea erabiltzeko aukera izatea, baina ukatu egin digute».
Legazpin, Beasainen eta lasterketak gurutzatzen duen edozein herritan larrialdi zerbitzuek lehentasuna izango dute. SOS Deiakek kudeatuko ditu. 112 telefonora deitu behar da.
Tourra pasako den gainerako herrietan ere mugikortasuna mugatuta egongo da. Herriguneak ez dituzte erabat itxiko, dena den.