Beasaingo Gazte Asanbladak ekintza «ugari» antolatuko ditu udarako
Ehunmilak proba Larraitzen ikustea, zine irekia eta kanpaldia dira proposatu dituzten ekintzak. Datozen egunetan iragarriko dute informazio gehiago.
Beasaingo Gazte Asanblada udarako programa prestatzen ari da. Pasa den ostiralean, ekainaren 23an, bilera egin zuten Beasaingo Arrano elkartean, eta hainbat proposamen jarri zituzten mahai gainean.
Lehenengo ekimena hurrengo astean izango da, Ehunmilak probaren harira. Lasterketa Larraitzetik ikusteko auto juntadizo bat egingo dute uztailaren 7an. Joango diren pertsona kopurua eta horren araberako autoak zehazteko, Googleko galdetegi bat zabalduko dute. Iragartzen dutenean Goierriko Hitzaren webgunean egongo da galdetegia.
Bestalde, zine ireki bat egiteko asmoa ere badaukate, Beasaingo plaza azpian. Irati pelikula jarriko dute pantaila handian. Edaria eta janaria ere egongo direla jakinarazi dute Gazte Asanbladako kideek.
Bi eguneko plana
Irailaren 1 eta 2rako berriz, proposamen “handiago” bat darabilte buruan. Oraindik erabat zehaztu gabeko proiektua den arren, kanpaldi bat egitea da asmoa. Irailaren 1ean, kanpaldia egingo duten lekuan afaldu, jolasak egin eta bertan lo egitea izango litzateke plana. Hurrengo goizean dena jaso, bertan bazkaldu eta herrira jaitsiko lirateke. Herrira iristean elektrotxaranga batek girotuko lituzke Beasaingo kaleak.
Lehenengo proposamena hau den arren, oraindik zirriborro bat besterik ez dela adierazi dute Gazte Asanbladako kideek. Udaletxearen baimenen zain daude. Aurrerago, beste bilera bat egingo dute, hasierako ideia guztiak zehazteko.
Datozen egunetan iragarriko dute informazio gehiago.