Ehunmiletako hirukotean sekula baino emakume gehiago lehiatuko dira
Ehunmilak trilogiaren 12. edizioa gaur aurkeztu dute. Ibilbideak hiru aldaketa izango ditu: Usurben, Tolosan eta Oazurtzan. Jasangarritasunaren aldeko apustua sendotu du antolakuntzak
2023ko Ehunmilak hirukotea aurkeztu dute. Igartzako Jauregian egin dute hiru lasterketen aurkezpena gaur eguerdian eta bertan aletu dituzte hamabigarren edizioaren xehetasunak. 1.368 korrikalari lehiatuko dira denera. Horietatik 154 emakumezkoak dira. Hau da, hamar korrikalaritik bat emakumezkoa izango da. Sekula ez da horrenbeste emakume lehiatu, ez kopuru absolutuetan ez ehunekoetan. “Datu esanguratsua da. Berdintasunerako bidean aurrera goazela erakusten du halako lasterketetan emakume kopuruak gora egiteak”, esan du Andoni Zubeldiak, Ehunmilak ultratrail probaren zuzendariak.
Ibilbidean hiru aldaketa egin dituzte. Ehunmilak lasterketari eragingo die bereziki. “Txikiak”, Zubeldiaren arabera. Hasi bezain pronto, Usurberako igoera moldatu egin dute, “errepide gutxiago zapaltzeko”; Tolosan egin dute beste bat, antolakuntzaren eskumenetatik kanpo dagoen arrazoi batengatik. Usabal kiroldegiko langileak greban daude eta Beotibar frontoian egokituko dute anoa postua; eta hirugarrena, Oazurtzako anoagunetik Zegamarako tartean egin dute. “Iaz ere aldatu genuen, baina aurten egokitu eta hobetu egin dugu”. Ez galtzeko adi joateko eskatu die Zubeldiak korrikalariei, eta markak jarraitzeko.
Korrikalari guztiak geolokalizatuta egongo dira, dena dela. Horri esker, korrikalarien segurtasuna bermatzeaz gain, ehunmilak.com webgunean zuzeneko jarraipena egin ahalko da. Are, Larraitzera lasterketa ikustera joateko autobus linea berria egokitu dute aurtengorako. G2H proba hasi eta segidan, 23:15ean, Beasaingo plazaren goiko aldetik abiatuko da autobusa; 01:30ean eta 02:30ean egingo du itzulerakoa. Eta segurtasuna ahalik eta handiena izateko Gurutze Gorriko boluntarioak, medikuak, erizainak, podologoak… etengabe lanean izango dira. Gainerako boluntarioentzako esker oneko hitzak izan ditu antolakuntzak, baita ere babesleentzako.
Antolakuntzak Ekoehunmilen aldeko apustua biderkatu du, lorratz ekologikoa ahalik eta txikiena izateko. Zubeldiak azpimarratu du debekatuta dagoela zaborrak mendian botatzea. Anoa postuetan bota beharko dira berziklatzera, behar bezala berezita. Lanak errazteko, Sasietak pegatinak prestatu ditu, edukiontzi bakoitzean zer bota daiteen adieraziz.
Anoa postuetara basoak itzuliko dira. 10.000 baso berrerabilgarri erosi ditu antolakuntzak. “Den urtea izateko inbertsio nahikotxoa da”, azpimarratu du Zubeldiak. Arautegitik ezabatu egin dute edalontzia eramateko derrigortasuna. Ura eta salda erateko edalontzi konpostagarriak izango dira.
Papera ere gutxitu dute. Alde batetik, lasterketaren inguruko liburu teknikoa soilik bertsio digitalean kaleratu dute eta, bestetik, aparkalekuetarako tiketik ez dute inprimatu. Hauen erabiltzaileei ere esaktu diete ez inprimatzeko, eta aparkaleku sarreretan mugikorraren bidez erakusteko.