Gazteak festa, 25 urte gerora ere
Zaldibian 25. urteurrena beteko dute Gazte Festek. Gaur, bihar eta etzi ospatuko dute, tartean herritar guztientzat antolatutako sagardo dastaketa eta sasipilotari jendetsuak antolatuta.
Zilarrezko urtera iritsi dira Zaldibiako Gazte Asanbladak uztailero antolatzen dituen Gazte Festak. Gaurtik larunbatera, 25. urteurrena izango dute. Ukitu berezia eman nahi diote aurtengoari antolatzaileek; gaztetxetik arkakusoa jaitsi ondoren, Zaldibiako herritarren txarangak joko du. «Herriko jendeak parte hartzea nahi dugu», azaldu dute gazteek.
Hasierakoak gaur eginda, biharkoa da jardunaldi jendetsuena. Sasipilotari txapelketako –Gazte Festen hasieratik egiten da– finalak jokatuko dituzte. Nesketan, binaka, Maren-Uxue eta Lide-Itoitz bikoteak lehiatuko dira. Mutilak, buruz buru lau t’erdian, Enaitz Etxeberria eta Jon Aiestaran.
Hamabost sagardo
Sagardo dastaketari ere zaldibiar kutsu nabarmenagoa emango diote. Zerbitzatuko dituzten hamabost sagardoetatik 11 Zaldibiako baserrietan egindakoak eta ondutakoak dira.
Honako etxeetako sagardoak probatu ahalko dira: Arru, Ausoegi (bi bizitzatakoak), Agarre, Iortza, Lizarra (bi bizitzatakoak), Arruarte, Arrumuño, Zubieta, Zubiaurre. Herriz kanpoko lau sagardotegi profesionalek osatuko dute eskaintza: Lizeaga, Larrarte, Urbitarte eta Altzuetak.
Jende asko espero dute biharko ere .Iaz 700 pintxo egin eta denak saldu zituzten, eta 400 edalontzi saldu zituzten.
Larunbatean, gazteen artekoagoa izango da festa. Paella eta kubata lehiaketak jarri dituzte. Kuadrillaka ariko dira. Lau laguneko epaimahaiak baloratuko ditu arroz eta konbinatu onenak.
Elkargune eta suspertzaile
1998ko uztailean antolatu zituzten Zaldibiako gazteek lehenengo festak. Hilaren erdialdean egiten ziren hasierako urteetan, eta aste egunetan, asteazkenetik ostiralera normalean.
Helburuak, herriko gazteak elkartzea eta herri giroa suspertzea ziren, lehenengo belaunaldiko antolatzaileek gogoratu dutenez. «Gazte jendea biltzeko konnotazio handiagoa zuen, agian, lehenengo urteetan».
Hala, aldarrikapenak eta garaian garaiko eskakizun edo arazo soziopolitikoak txertatzen ziren Gazte Festetan. 1998an, adibidez, AHT hasi aurreko garaia izaki, hitzaldiak eta ibilbideko parajeetara irteerak egin zituzten; edo Gazte, mugi hadi! lelopean, Iñaki Iurrebaso soziologoarekin Euskal gazteria XXI. mendean gaia landu zuten. Euskal presoei Martuteneko kartzelara bisita, euskal selekzioa, sexualitate hitzaldia, bertso trama edo sukaldari lehiaketa egin ziren, XX. mendean artean.
Denborarekin sartu zituzten egitarauan sagardo dastaketa eta kontzertuak. Sakoneko uztarketa ez da aldatu 25 urteotan, ordea: gazteak eta festa.
EGITARAUA
EKAINAK 29, OSTEGUNA
- 18:30. Arkakuxoaren jaitsiera Gaztetxetik.
- Ondoren. Buruhandiak eta herriko txaranga
- 21:00. Bokadillo afaria plazan.
- 22:00. Miseriaren adarrak bertso ikuskizuna
EKAINAK 30, OSTIRALA
- 11:00. Julen Magoaren ikuskizuna.
- 18:30. Sasi pilotari txapelketako finalak
- Ondoren. Sagardo dastaketa.
- 22:30. Kontzertuak: Raimundo el Canastero, DJ Naza eta DJ Eo.
UZTAILAK 1, LARUNBATA
- 14:00. Paella eta Kubata lehiaketa.
- 18:30. Karropoteoa
- 22:30. Kontzertuak: Muxutruk erromeria eta DJ Basandere.