«Tourra polita da berez, eta etxean izanda, politagoa»
Igandeko etapa "berezia" dela nabarmendu du Ezkioko txirrindulariak. "Txikitatik ibili izan naizen betiko portuak eta errepideak dira, eta amaren jaiotetxearen ondo-ondotik igaroko gara". Aukerarik suertatzen bazaio, etaparen bat lehiatzen saiatuko da.
Bigarren aldiz, Tourrean zara.
Astelehenean jakin nuen ziur. Taldeko 10-11 geunden, eta denak prestatuta. Azkeneko karreren arabera zegoen aukeraketa. Oso gustura nago. Etxe ondotik, Aztiritik pasatuko da, eta 3. etapan Markinatik ere bai, neska-lagunaren herritik. Tourra polita da berez, eta etxean izanda, oraindik politagoa.
Aztiriatik igaroko zara igandean. Zer da hori zuretzat?
Sufritzen pasatzen baldin bagara ere, ederra izango da. Etxeko denak han egongo dira, familia, lagun guztiak, afizioa… Oso polita izango da. Txikitatik ibili izan naizen betiko portuak eta errepideak dira, eta amaren jaiotetxearen ondo-ondotik igaroko gara. Berezia da, dudarik gabe. Aztiriarrek txurituta utziko dute bidea ziurrenik [barreak].
Zer funtzio eman dizu taldeak?
Bileretan egunez egun esango dizkigute helburuak, errepidearen eta lasterketaren joanaren arabera. Ziur tokatuko zaiguna da Enric Masen zain egotea, kokatzen lagundu eta inguruan ibili. Eta aukerarik suertatzen bada etaparen bat lehiatzeko, saiatu.
Askatasunik izango duzu?
Taldeak aginduta, beti ere. Baina lehenengo hiru egunak oso politak dira. Hala ere, lehen astea nerbioz betea izaten da beti. Erorikoekin adi ibili beharko da, eguraldia triste samarra iragarri dute, eta bideak arriskutsuak dira. Baina hiru egun hauek apuntatuta dauzkat.
Nolako etapak aurreikusten dituzu Euskal Herriko hirurak?
Oso gogorrak izango dira. Itzuli bat gogorra egiten bada, hau halako bat da baina Tourraren lehenengo hiru egunetan sartuta.