Urteurrenean, egun bat gehiago
Aurten hamar urte beteko ditu Goierriko Jazzaldiak. Uztailaren 5etik 8ra egingo dute, Ordizian eta Araman. Herritarren ekarpenari esker, aurten ere doan izango dira kontzertuak.
Urtebete geroago, bueltan da Goierriko Jazzaldia; berrikuntza eta guzti, gainera. Hamargarren urteurrena beteko du aurten Ordizian eta Araman egiten duten musika jaialdiak —2013an egin zuten lehen aldiz—, eta aurrekoetan baino egun bat gehiago izango du: uztailaren 5etik 8ra egingo dute; hori da aldaketa nabarmenenetako bat. Ondorioz, aurten kontzertu gehiago izango dira Goierriko bi herri horietan. Hastapenetan, egun bakarrekoa izaten zen ekitaldia, eta laura luzatu dute jada.
Hamarkada guztia aintzat hartuta, “balorazio positiboa” egin du Urtzi Etxeberriak, Goierriko Jazzaldiaren antolakuntza taldeko kideak. Urteotan “hainbat proba” egin dituztela esan du, eta jaialdiak gaur egun daukan egonkortasuna “proba askoren ondorio” dela ziurtatu du. Urteurrena aitzakia gisa hartuta, berrikuntzak egiteaz gain, “maila igotzeko asmoa” ere badaukatela jakinarazi du Etxeberriak.
Hori bai, horrek aurrekontuarekin “lotura zuzena” duela azpimarratu du. Horren jakitun, bi udalen eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasotzeaz gain, aurten enpresa gehiagoren atea jo dute antolatzaileek, eta finantzaketa kolektibo bat ere jarri dute martxan, Goteo.org plataformaren bidez. Jendearengana iristea eta horiek inbertsioren bat egitea “zaila” dela ziurtatu du Etxeberriak, eta, hori kontuan hartuta, pozik daude erantzunarekin.
Hain zuzen ere, doakotasuna da Goierriko Jazzaldiak beti mantendu nahi izan dituen ezaugarrietako bat. “Jazz musika jendearengana gerturatzea” da jaialdiaren helburu nagusia, eta, Etxeberriaren ustez, horretarako modua ematen du doakotasunak. Antolatzaileak ziurtatu du herritarren ekarpenari esker zabaldu ahal izan dutela egitaraua urteotan guztiotan. Artistek ere estimutan dute Goierriko Jazzaldia, eta, horren erakusgarri, aurreko aldietako zenbait artista jaialdian izango dira aurten ere.
Jaialdiaren beste helburu bat da Euskal Herriko taldeak ezagutaraztea; hasi musika eskolekin eta dagoeneko egonkortuta dauden taldeetara iritsi arte. Adibide gisa, Ordiziako musika eskolako musikari gazteen taldeak erakustaldi bat egingo du uztailaren 7an, ostiralean, 18:30ean, Ordiziako plaza nagusian. Euskal Herriko taldeez gain, ordea, atzerriko musikariak ere izango dira aurten ere Goierriko Jazzaldian. Jessica Pina musikari portugaldarraren emanaldia izango da berritasun nagusietako bat. Tronpeta jotzailea da Pina, eta Euskal Herrian ariko den lehenengo aldia izango da. Larunbatean eskainiko du kontzertua, Aramako parkean, 21:00etan.
“Orekatua eta polita”
“Orain arte bezala mantentzea”, antolatzaileek helburu hori jarri diote aurten Goierriko Jazzaldiari. Herritarrek “harrera ona” egin izan diote azken urteotan, eta horixe bera lortu nahi dute aurten ere. “Bai musikariak eta bai entzuleak gustura etor daitezen nahi dugu”. Etxeberriak zehaztu du hamargarren aldirako “ahalik eta musika mota desberdin gehien” elkartzen saiatu direla, “adin tarte guztietako herritarrentzat aproposa den jaialdi bat antolatzeko”. Iazkoa hobetzea “zaila” izango dela onartuta ere, aurtengo programa “orekatua eta polita” dela ziurtatu du Goierriko Jazzaldiaren antolatzaile taldeko kideak. Besteak beste, kontzertu hitzaldi bat ere izango dute, lehen egunean.
Uztailaren 21etik 25era egingo dute Donostiako Jazzaldia, eta beroketa lanerako aproposa izango da Goierrikoa. Etxeberriari gustatuko litzaioke Goierrin ere “mundu mailako jaialdi bat” antolatzea, eta “mundu guztiko musikariak erakartzea” jarri du etorkizuneko helburu gisa.
EGITARAUA
Lau eguneko egitaraua prestatu dute aurten Goierriko Jazzaldian. Ordizian eta Araman izango dira kontzertuak, uztailaren 5etik 8ra.
Uztailak 5, asteazkena
21:30. Fredi Pelaezen kontzertu hitzaldia: Jazzaren historia bat, Ordiziako Sugaar tabernan.
Uztailak 6, osteguna
22:00. Nevermind Quartet. Ordiziako udaletxeko arkupeetan.
Uztailak 7, ostirala
18:30. Ordiziako musika eskola, Ordiziako plaza nagusian.
20:00. Arima Soul, Ordiziako plaza nagusian.
21:15. Burrunbazale, Ordiziako kaleetan barrena.
23:00. The Machetazo, Ordiziako plaza nagusian.
Uztailak 8, larunbata
13:00. JAC Electric, Aramako plazan.
19:00. David Pastor Quartet, Aramako parkean.
21:00. Jessica Pina, Aramako parkean.
Amaieran. DJ Jon Ritter, Aramako parkean.