Amaitzear da udaletxea apaintzeko lehiaketa
Uztailaren 7an amaituko da Ormaiztegiko udaletxeko ekitaldi aretoa apaintzeko margolan lehiaketara aurkezteko epea. Irabazleak hilaren 19an jakinaraziko dituzte.
Ostiralean amaituko da Ormaiztegiko Udalak antolatutako lehiaketan parte hartzeko epea. Udaletxeko ekitaldi aretoa margolanez apaintzea du helburu lehiaketak, eta Mugarriak da gaia. Egile bakoitzeko hiru lan aurkeztu daitezke gehienez, eta herritar orok hartu lezake parte.
Akuarelak, olioak, akrilikoak, pastelak, ehundura-teknikak, tinta txinatarra, collage eta antzekoak dira margolanak egiteko onartzen dituzten teknikak. Lan hauen gehienezko neurria 100zm x 100zm izango da, eta ostiraleko 14:00ak arte bidali daitezke. Egilea nor den adierazi gabe aurkeztu beharko dira lanak, eta kartazal itxi batean jarriko dira egilearen datuak eta harremanetarako bideak.
Sari banaketa, uztailaren 19an
Uztailaren 19an jakinaraziko dituzte lehiaketaren irabazleak nor diren. Sei sari banatuko dira guztira, eta irabazle bakoitzarentzat 1.000 euroko saria egongo da.