Goierrin ere jokatuko da Donostia Cup
Beasain, Lazkao, Zumarraga, Ordizia, Legazpi eta Idiazabalgo futbol zelaietan jokatuko dira txapelketako zenbait partida. Goierri Gorri Futbol Taldea, Beasain Kirol Elkartea eta Gainzurik parte hartuko dute
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/07/donostia_cupeko_partida_be.jpg)
Aurten ere Goierriko zenbait futbol zelai Donostia Cup txapelketaren jokaleku izango dira. Aurreko edizioetan bezala, 31. edizio honetan ere, mundu mailako taldeak lehiatuko dira txapelketan. Hala ere, atzerriko taldeez gain, Goierriko zenbait taldek ere parte hartuko dute. Horien artean daude Goierri Gorri Futbol Taldea, emakumezkoen mailari dagokionez, eta Beasain Kirol Elkartea eta Gainzuri, mutilen kategorian.
Uztailaren 3tik 9ra jokatuko da lehiaketa. Beasain, Lazkao, Zumarraga, Ordizia eta Idiazabalgo futbol zelaietan jokatuko dira txapelketako partida batzuk. Legazpiko Irene Paredes futbol zelaian ere ikusi ahalko dira zenbait norgehiagoka, uztailaren 7an. Hasiera batean, Donostia Cup uztailaren 2an hasi behar bazen ere, Tourra zela eta egun bat atzeratzea erabaki zuten antolakuntzakoek.
Egitaraua
Beasain Kirol Elkarteak Belgikaren aurka izango du gaur lehenengo partida, Beasaingo Igartza futbol zelaian 16:00etan hasita. Goierri Gorrik ere gaur hasiko du txapelketa, ordu berdinean. Academy Moha B taldearen aurka lehiatuko da Ordiziako futbol zelaian. Bihar ere jokatuko du Goierri Gorrik, SF Elite B talde estatubatuarraren aurka. Ordizian izango da partida 12:15ean.
Ostegunean, berriz, Urretxu eta Zumarragako gazteek osatutako Gainzuri taldearen txanda izango da. 12:15ean jokatuko dute Urnieta Kirol Elkartearen aurka, beraien etxean. Egun berean jokatuko du Goierri Gorri futbol taldeak ere, 14:15ean. Aiztondo NKK Zizurkilgo taldearen aurka lehiatuko da Beasaingo Igartza futbol zelaian.