Iñigo Marotiasek ez du Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendari karguan jarraituko
Ordizia Rugby Elkarteak zabaldu duen ohar batean jakinarazi duenez, aldaketak izango dira 2023-2024 denboraldian kirol zuzendaritzan. Iñigo Marotiasek ez du Rugby Elkarteko kirol zuzendari izaten jarraituko. Ampo Ordiziako entrenatzaile izan da sei denboralditan, eta kirol zuzendari bi denboralditan. 2016-2017 denboralditik 2020-2021 denboraldira entrenatzaile izan zen, 2021-2022an entrenatzaile lanak eta kirol zuzendari lanak uztartu zituen, eta 2022-2023 denboraldian kirol zuzendaria izan da.
Kirol zuzendaritza utziko duen arren, beste zeregin batzuekin segituko du, klubak azaldu duenez. «Ez da agur bat, oraindik bere etorkizuneko ardurak erabat definituta ez egon arren, modu batera edo bestera klubari lotuta jarraituko baitu». Klubak eskerrak eman dizkio egindako lan guztiagatik.
Kirol zuzendaritzako lanak egiteko pertsonak zehaztu dituzte jada. Javi Perlinesek, Alvaro Etxezortuk, Iñigo Navarrok, Joseba Otamendik, Dorleta Armendarizek eta Santos Regilekek osatutako taldea arduratuko da lan horietaz. Elkartearen zuzendaritzaren eta kirol zuzendaritzaren arteko koordinatzailea Oier Iturrioz izango da.
Fitxaketak eta bajak
2023-2024 denboraldirako fitxaketei eta bajei dagokionez, Anthony Matotok, Tuitavake Manoak eta Valentin Cruzek ez dute jarraituko. Alex Saletak (hirugarren lerroa), Victor Gavin-ek (erdilaria), Telmo Jauregik (horpokatzailea) eta Egoitz Garciak (erdilaria) Ordizian jokatuko dute.