Legazpin, mugarriz mugarri Izadi Zaleak elkartearekin
Herriko mugen arteko bira egin dute asteburuan herriko hainbat mendizalek. Bi etapatan egin dute, baina ezin izan dute bukatu. Mugarri gehienak ikusi dituzte.
Garai batean egiten zuen Legazpiko mugen bira berreskuratu du aurten Izadi Zaleak elkarteak, eta pasa den asteburuan egin dute hainbat mendizalek, bi etapatan banatuta. Baina lehen ez bezala, herriko mugarri guztietatik igaro nahi zuten, eta ezin izan dute bira osatu, luzeegia zelako. Hala ere, 45 kilometro inguru egin dituzte bi egunetan.
Larunbat goizean abiatu ziren Brinkolatik, eta Aizkorriko magaletik ibili ondoren, eguna Ardanbidetako Kimu-Berri aterpean amaitu zuten. Igandean irten ziren berriz ere, eta Atagoitiraino iritsi ziren. Hortik Birnkolako Oazurtzara doan tartea geratu zaie, eta seguruenik asteburu honetan bertan egingo dute.
Horrela, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Oñati, Gipuzkoako Partzuergoa, Zegama, Zerain, Mutiloa eta Gabiriarekin Legazpik dituen mugen arteko bira osatuko dute. 53 kilometrotik gorakoa da eta, Ernesto Cervero mendizaleak esan duen bezala, «oso zorrotza, desnibel handia dagoelako».
Garai honetan belarrez eta sasiz beteta dago mendia, eta hainbat mugarri aurkitzeko arazoak izan dituzte, «oso ezkutuan zeudelako». Horregatik, datorren urtean bira lau etapatan egitea pentsatu dute, aldiko kilometro gutxiago egiteko. Neguan egingo dute, «landare gutxiago egongo da eta mugarriak orain baino ageriago egongo dira».
Mugarriak, ondo kokatuta
Garai batean irteera klasikoa zen Legazpiko mugen arteko bira Izadi Zaleak elkartean, «baina orduan ez zuten osorik egiten, ez zituzten mugarri guztiak jotzen». Oraingoan, elkartearen 50. urteurrenaren ospakizunak ixteko antolatu dute, eta pandemia garaian udalerriko mugak gainditu ezin zirenean egindako lana aprobetxatzeko ere bai.
Orduan irteerak mugetaraino bakarrik egin zitezkeenez, bidean aurkitutako mugarriak garbitu, neurtu, balizatu eta kokatu egin zituzten. Oraingoan, bira osoaren track-a egin dute, etorkizun batean GR ibilbide bat sortzeko asmoz.
Mugarri bitxienak
Makina bat mugarriren ondotik igaro dira mendizaleak Legazpiko mugetatik zehar, baina Cerverok bi nabarmendu ditu. Bat, Andraitzeko pasabidekoa da, asko kostatu zaielako aurkitzea, «mugarriak normalean lurrean expreski jarritako harriak dira, baina hori harkaitz batean zizelkatuta dago, eta zulo bat dirudi». Bigarrena, Deskargakoa da, Antzuola eta Urretxurekin mugan dagoena: «Horixe da niretako politena. Handiena da, eta gurutze formako burdin zati bat du gainean».
Cerveroren ustez Legazpiko mugarrien arteko bira «oso interesgarria da, mundu hori galtzen ari delako, eta jende askok ez dakielako zer diren ere. Horrelako ibilbide batekin, ezagutza hori berreskuratzen lagunduko genuke».