LGTBI+ Harrotasun Eguneko ekintzari eraso egin diotela salatu dute Aiuri talde feministak eta udalak
Ekainaren 28an plazako bi banku ortzadar kolorez margotu zituzten. Bi banku horietan egindako lanari egin diote eraso. "Giza eskubideak dira jomugan daudenak, bizitzeko eta bizitza bizigarriak izateko eskubidea guztiok baitugu eta hauek bermatzeko ardura guztiona baita".
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/07/whatsapp-image-2023-07-03-at-15-13-49-1200x675.jpeg)
LGTBI+ Harrotasun Eguneko ekintzari eraso egin diotela salatu dute Aiuri talde feministak eta Legorretako Udalak. Ekainaren 28a sexu askapenaren eta LGTBI+ harrotasunaren nazioarteko eguna izan zen. Horren harira ekintzak antolatu zituen Legorretan Aiuri talde feministak. Horietako bat izan zen plazako bi banku ortzadar kolorez margotzea, eta zapuztuta agertu ziren atzo, gainetik marraztuta.
“Aurten, plazako bi banku ortzadar kolorez margotu genituen, guztiek bizitzeko eta aske
izateko dugun eskubidearen alde eta Legorretan legorretar guztien aniztasunak onartu eta babesten ditugula aldarrikatzeko asmoz. Bi banku horietan egindako lanari egin diote eraso”, azaldu dute salaketa adierazpenean. Lanean “buru-belarri” jarraituko dute, “Legorretan lan handia” dagoelako egiteko.
Horrelako jarrerak alboratzea eta horiek babesten dituztenei moztea herritar guztien ardura dela azpimarratu dute. “Ez da txantxetako kontua; ezta, barre egitekoa ere. Giza eskubideak dira jomugan daudenak, bizitzeko eta bizitza bizigarriak izateko eskubidea guztiok baitugu eta hauek bermatzeko ardura guztiona baita”.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2023/07/whatsapp-image-2023-06-28-at-21-45-35-500x667.jpeg)
Ekainaren 28ko argazkia, bankuak margotu ondoren.