Lierniko erromeria ospatuko dute igandean ormaiztegiarrek
Urteroko erromeria ospatuko dute Mutiloako Liernin ormaiztegiarrek.
Igandean, uztailaren 9an urteroko erromeria ospatuko dute Mutiloako Liernin ormaiztegiarrek. Ormaiztegiko Udalak antolatu du ekimena, eta Mutiloako Udala du laguntzaile.
Eguna 11:30ean hasiko dute, salda eta txorizo dastaketarekin. Jarraian, ordubete geroago, haurrentzako jokoak izango dituzte. Bitartean, 13:00ean meza nagusia eta Urmaiz abesbatzaren kontzertu bat ere izango dituzte. Egunarekin jarraitzeko, ordu bi eta erdietan bazkari herrikoia izango dute: helduek untxia izango dute saltsan; haurrek, aldiz, makarroiak tomatearekin. Lauretan Modestorekin erromeria izango dute, eta eguna Lierniko XXV. Toka txapelketa herrikoiarekin amaituko dute. Izen-ematea 17:45ean izango da, eta saria bi lagunentzako otordua izango da, Mujika jatetxean.
Antolatzaileek, halere, hainbat ohar helarazi dizkie herritarrei. Batetik, Ormaiztegitik Liernira doako autobus zerbitzua jarri dutela adierazi dute; 12:00ean hartu ahal izango dute Ormaiztegiko Udaletxe aurrean. Itzulera 19:00ean eta 19:30an izango da, Lierniko aparkalekutik abiatuta. Autobusa ez hartzekotan, antolatzaileek oinez igotzeko edota autoak betetzeko eskatu dute. Bestalde, norbere mahai eta aulkiak kamioi batean igotzeko aukera dagoela ere iragarri dute; 11:00ean kargatuko da igotzeko, eta jaisteko, aldiz, 19:30ean. Gainera, parrila publikoak ere erabilgarri izango dituztela helarazi dute.
Azkenik, jatetxeko bezeroentzako diren aparkalekuak errespetatzeko eskatu diete herritarrei. Antolatzaileek adin guztietako herritarrak animatu nahi dituzte bertaratu eta egun pasa “polita” egin dezaten.