‘Mendian gora’ Ataunen jarri dute
Euskal mendizaletasunaren historiari buruzko argazki erakusketa ikusgai dago, atzodanik, Ataungo udaletxeko ganbaran. Antxon Iturriza adituak hitzaldia eta bisita egingo ditu bihar.
Aizkorriko gailurreko mendizaleen aterpearen inaugurazio eguna, 1935ean. // Argazkia: Indalecio Ojanguren Euskal Herrian 175 urteko historia dauka mendizaletasunak, kirol edo jarduera hori bere horretan ulertuta, behintzat. Denboraren joaneko eta munduan barrenako ibilaldia proposatzen du Mendian gora erakusketak. Atzo jarri zuten argazki bilduma Ataungo udaletxeko ganbaran, eta uztailaren 15era arte egongo da ikusteko moduan.
EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioarena da bilduma, eta Ataunikerren eta Ataun Kirol Elkartearen bidez ekarri dute Ataunera. «EMMOA fundazioaren helburu bat da, berez, museo bat antolatzea da. Tolosan jartzeko bidean da. Beste helburu bat mendizaletasunaren historia gordetzea eta zabaltzea da», azaldu du fundazioaren idazkari Antxon Iturrizak.
Ataungo erakusketa zabalpenaren zereginean kokatu du. Iturrizak berak hitzaldia eta ordubete inguruko bisita gidatua eskainiko du, bihar 19:00etan. Antxon Iturriza (Donostia, 1948) mendizale, kazetari eta mendizaletasunari buruzko gaien biltzaile beteranoa da.
1848tik gaur egunera arte
22 panelekin osatu dute erakusketa, Mendizaletasunaren historiaren errepasoa argazkiekin eta azalpenekin egiten da berorietan, euskaraz eta gaztelaniaz. «Historia osoa laburtzen da, errepaso bat eginez. 1848an hasten da, eta gaur egungo mendi korrikalariekin bukatzen da. Gaur egun modan dagoen aktibitatea hori baita», aurreratu du Iturrizak.
«Mendira igotzen hasi zirenak ez ziren berez mendizaleak izan, zientzialariak baizik»
Antxon Iturriza. EMMOA fundazioa
Mendigoizaletasunaren lehen praktikatzaileak ez zirela mendizaleak argitu du Iturrizak. «Mendira joaten hasi ziren lehenengo aitzindariak ez ziren berez mendizaleak izan, zientzialariak baizik. Kirol bat bilakatu zen gero». Hasierako garai hartatik, eskaladako lehen urratsak, edo 1924an Euskal Mendizale Federazioa sortu zutenekoa biltzen dira –datorren urtean 100 urte–.
Pertsonaia inportanteenak zein diren ere azaltzen da. Baita espedizioen garapena ere: Pirinioetatik Alpeetara pasatu, Andeetara lehenengo espedizio historikoa 1967an, eta Himalayako ibilietara: zazpimilakoekin hasi, eta jada ezagunagoa den geroko historiarekin bukatu: Iñurrategitarrak, Pasaban, Vallejo, Oiartzabal… Horma handietako eskalatzaileek ere badute txoko bat erakusketan.
EMMOA fundazioa 2013an sortu zuten, Gasteizen.
ERAKUSKETA
- Izenburua. ‘Mendian gora. Euskal mendizaletasunaren historiaren erakusketa’.
- Noiz. Atzotik uztailaren 15era.
- Non. Ataungo udaletxeko ganbaran.
- Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 19:00etatik 20:30era. Larunbat eta igandeak, 11:30-13:00.
- Bisitak. Ordutegiz kanpo bisitatzeko: 635 722 027.
- Inaugurazioa. Bihar, uztailak 5, 19:00etan, Antxon Iturrizarekin.
- Antolatzaileak. EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa, Atauniker kultur elkartea eta Ataun Kirol Elkartea.












