«Belo batekin bizi gara, gizarteaz platonikoki maiteminduta»
'Argialdiak' liburuaren barneko bederatzi ipuinek, protagonistek eta agertokiek mundu garaikideko beste horrenbeste «perturbazioren» lekukotasuna ematen dute, Miriam Luki idazlearen esanetan.
Bere ipuinetako pertsonaia bat izan zitekeen Miriam Luki (Urretxu, Gipuzkoa, 1973): inguruan sumatzen dituen itzalei literaturaren bidez argi egiten tematuta dabil, munduaren «perturbaziotik» erabat ihes egin ezinda. «Idaztea artisau lana da; sormena bai, baina teknika ere bai». Azken urteetan ondutako eta biribildutako bederatzi ipuin jaso ditu Argialdiak liburuan, «kooperatiboa eta komunitarioa» ere izan den prozesu baten ondoren, inguruko irakurleei esker. Haren lehen liburua da, eta Susak argitaratu du.
Argialdia izeneko ipuinak eman dio izenburua bildumari, liburuko azkenak, baina esan liteke narrazio guztiek dutela beren argialdia, ezta?
Beste ipuinetan ere badago logika bat, aparte baina aldi berean sortu zena. Badute hari bat: izan daiteke argialdia, iluminazioa, baita errebelazioa ere. Batzuetan, ematen du argialdia pertsonaia batena dela, baina beste batena izan daiteke. Beloa kentzea da jolasa, batez ere. Horregatik nekien Argialdia azkena izango zela: argialdia fantasiosoa da ipuin horretan, ikusten dugun aldi berean gertatzen da. Errebelazio horiek gertatu egiten dira edo gertatzen ari dira denboran, eta, halako batean, pertsonaiari beloa erortzen zaio, ez nahita, baizik eta zerbaitek eraginda.
Zeren bila jo duzu horra?
Oraindik belo batekin bizi gara, gizarteaz platonikoki maiteminduta bezala, nahiz eta gaur egun badakigun ez duela funtzionatzen. Uste dut pandemiak izan zuela bere eragina, belorik gabe geratu ginelako, modu batera edo bestera. Orduan, belorik gabe geratzen garenean, nola gaude?
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.