‘Bicis, drogas, oficinas’ liburuaren aurkezpena Ordizian
Ritxi Gomez ordiziarraren azken lana da, eta fikzio kutsuko istorio errealak lantzen ditu.
Ricardo Gomez (Vigo, 1970) ordiziarrak Bicis, drogas, oficinas bere azken liburua aurkeztuko du bihar Ordizian. D’elikatuz Interpretazio Zentroan izango da, 18:30ean. 2022ko abenduan argitaratu zuen, eta herriz herri ibili da bere laugarren liburua dena aurkezten. Bihar herritarren aurrean aurkeztuko du.
Aurretik idatzi zituen hiru liburuak eleberri beltzak izan ziren: 2016an Gooolpe de vista kaleratu zuen, 2018an El fin justifica los miedos, eta 2020an Los Crimenes de la Vuelta 83. Azkeneko liburuan, aldiz, egunerokoa, memoria eta saiakera uztartzen ditu, baina eleberri batek izaten duen erritmoari eutsita. Lehen pertsonan idatzita dago.
Fikzio kutsuko istorio errealak
Gai nagusia lan mundua da, eta bertan zein politikan, sindikalgintzan, txirrindularitzan edota musika munduan bizitakoaz hitz egiten du Gomezek. Urtarrilean egunkari honi azaldu zion bezala, Bicis, drogas, oficinas lana «ez da fikzioa», baina «errealitatea bihurritzen» du. Benetan gertatutako gertakarien bidez, fikzio ukitua duten istorioak kontatzen ditu, 13 kapitulutan banatuta, probokazio puntu batekin, umore beltzetik. Harentzat «garrantzitsuak» diren gaiak jorratzen ditu, «hausnartzeko» baliagarriak direnak. «Asko irekitzen naiz liburuetan». Naiara Puertas kazetari eta idazleak idatzi du prologoa. Herritarrak deitu ditu biharko aurkezpenean parte hartzera.
Bizitakotik
Bere esperientziatik idatzitako istorioak dira, eta alor ezberdinak jorratzen ditu. Galizian jaioa, gurasoekin inmigratu zuen Ordiziara oraindik umea zenean. Hamar urte baino gehiagotan, BNG Galiziako Bloke Nazionalistako Euskal Herriko arduraduna izan zen. Metalgintzako langile eta sindikalista ohia da. Musika munduan ere ibili izan da, Animese Martinez, Elurretan eta Ciclos Iturgaiz taldeetako kide izan baitzen. Bizikleta da bere pasioa.
Alor horietan guztietan bizitakoetatik eta ikusitakoetatik tiraka osatu du azken lana. Libros.com webgunean erosi daiteke liburua. Donostian pare bat aldiz egon da bertako liburu dendetan aurkezten, baita Donostian edo Madrilen ere. Aurkezpenak «etxean itxi» nahi izan ditu. Dagoeneko beste liburu batekin dabil lanean.