Ehunmiletako dortsalak banatzen hasi dira
Gaur eta bihar jaso ahalko dituzte dortsalak EHM eta G2H probetako korrikalariek. MMMko lasterkariek, berriz, larunbatean eta igandean. Gurutze Gorriko langileak ere bertan izango dira korrikalariak zaintzen eta artatzen. Asteburu jendetsua izatea espero da
Beste urte batez, hemen da Goierriko mendi lasterketa gogorrenetariko bat: Ehunmilak trilogia. Gaur eta bihar jaso ahalko dituzte Ehunmilak probako korrikalariek dortsalak, baita Goierriko Bi Handiak proban aterako direnek ere. Lasterketa luzeeneko lasterkariek gaurko 17:00ak eta 20:00ak artean izango dute horretarako aukera. Bihar, berriz, 10:00etatik 15:00etara jaso ahalko dituzte, bi kasuetan Beasaingo frontoi txikian. G2H proban aterako direnek ere gaurko eguna eta biharkoa izango dituzte dortsalak jasotzeko, Ehunmiletako korrikalarien ordu berean. Hala ere, biharko 18:30etik 20:30etara ere izango dute aukera. MariMurumendin aterako diren korrikalariek larunbatean eta igandean jaso ahalko dituzte dortsalak. Larunbatean 18:30etik 20:00etara eta igandean 06:30etik 07:30etara.
Inoizko jendetsuena izango da hamabigarren edizio hau. Hamalau herrialde desberdinetako 1.369 korrikalari lehiatuko dira denera hiru probetan. Gainera, inoiz baino emakume gehiagok parte hartuko dute: 154 emakumek. Aurten ere, boluntario, mediku, erizain eta Gurutze Gorriko profesionalen lana ezinbestekoa izango da. Denera 1800 pertsona inguru ariko dira lanean hiru lasterketak aurrera ateratzeko.
Osasun-langileen lana
Gurutze Gorriko Reyes Rodriguezen esanetan, aurreko urteko edizioa “nahiko lasaia izan zen”, eta aurtengoa ere horrelakoa izatea espero dute. Hala ere, azpimarratu du beroa egingo duenez, “ondo hidratatzea ezinbestekoa” izango dela. Gurutze Gorriko 150 profesional baino gehiago ariko dira asteburuan lanean, korrikalariak zaintzen eta artatzen.
Denera zazpi postu jarriko dituzte. Beasainen bertan, plazan eta kiroldegian jarriko dituzte. Postu horiez gain, Azpeitian, Tolosan, Lizarrustin, Etzegaraten eta Mutiloan ere jarriko dituzte. Bestalde, ibilgailu desberdinak ere erabiliko dituzte osasun langileek: oinarrizko eta aurreratutako anbulantziak, lur-orotako ibilgailuak, furgonetak eta minibusak, besteak beste.
Lasterketa honek Beasain mapan kokatzeaz gain, aparteko bizitasuna ere ematen dio herriari. Oraingoan ere, tabernak jendez gainezka egotea espero da eta, dagoeneko, Beasaingo hotelak beteta daude. Inoiz baino jende gehiagok parte hartuko duenez, espero da beste urteetan baino jende gehiago gerturatzea. Aurten gainera, lasterketa ikusteko aukera gehiago izango da. Autobus zerbitzua indartzeaz gain, Beasaingo gazte asanbladak ere kotxe topaketa egingo du uztailaren 7 gauean Larraitzera igotzeko.