Etxekoena eta jendetsuena
Goierriko Bi Handiak ultra trailean inoiz baino lehiakide gehiago izango dira. Oihana Azkorbebeitia da emakumezkoetan faborito. Gizonezkoetan lehia «oso estua» espero da.
Beasaingo Loinazko San Martin plazan, ostiralean, 23:00etan, dute hitzordua 547 korrikalariek. Handitu egin dute lehiakide kopurua eta, hala ere, denbora tarte laburrean bukatu ziren dortsal guztiak. Are, ehun korrikalarik baino gehiagok dortsalik eduki ez arren entrenatzen jarraitu dute, itxaron zerrendan egonda ezustean norbaitek uko egin eta dortsala lortuko zutenaren esperantzarekin, itsu-itsuan.
Ez da harritzekoa. Goierriko Bi Handiak (G2H) da korrikalarien proba gustukoena. Bai behintzat goierritarrentzat. Etxeko 90 korrikalari abiatuko dira: 87 gizonezko eta hiru emakumezko. Larraitz Larrarte Urdalleta ordiziarra izango da horietako bat: «boluntario lanetan aritu izan naiz aurreko urteetan. Komunikazio alorrean, helmugan. Ikusten nituen korrikalariak iristen, euren nekearekin baina ilusioarekin, eta inbidia sentitzen nuen. Horregatik, aurten lehiatzera animatu naiz», kontatu du. «Ezagun asko ditut aurretik egin dutenak eta gustura amaitu dutenak. Horregatik aukeratu dut distantzia hau». Maider Urdangarin Agirre ataundarra eta Garazi Golmayo Aiestaran zaldibiarra dira beste bi emakume goierritarrak.
Lehiara erraz animatzen da, baina erronka handia da. 88 kilometrokoa, zehazki. Eta ez edonolako kilometroak, oso gorabeheratsuak. 6.000 metroko desnibel positiboa metatuko dute: Beasaingo udaletxe paretik irten eta Zaldibia aldera joko dute, Larraitzetik barrena Txindokira igotzeko; Lizarrustira, jaitsi; Etzegaratera, sasi ordekan; San Adrianetik, Aizkorrira; Oazurtzatik Mutiloara, jaitsi; berriz ere Beasaingo plaza nagusira heltzeko. Urteroko ibilbidea izango da, baina aldaketa «txiki» batekin, antolakuntzaren arabera. Oazurtzako anoagunetik Zegamarako tartean aldaketa bat sartu dute. «Iaz ere aldatu genuen, baina aurten egokitu eta hobetu egin dugu». Ez galtzeko adi joateko eskatu diete arduradunek korrikalariei, eta markak jarraitzeko.
Hamar ordu azpitik
Hamar orduren gainetik egin izan ohi du azkarrenak ibilbide osoa. Aritz Egea goierritarrak, baina, langa behera bota zuen iaz: 9.51.45 behar izan zuen. Hamaika edizioetako markarik onena dela esan gabe doa.
Egea ez da irteera marran izango aurten. Bera gabe, faborito argirik ez dagoela diote Ehunmiletatik. «Lehia oso estua espero dugu», diote. Hala, proba «ikusgarria» izango dela aurreratu dute. «Euskal korrikalariak izango ditugu lehen postuetan. Ioseba Eskudero, esaterako», egin dute apustu. Iazko G2Hn podiumean sartzea lortu zuen, Egearen eta Goar Lopetegiren atzetik. Eskuderok, baina, irabaztea ez du helburu. «Postua aurkarien araberakoa izaten da. Garrantzi handiagoa ematen diot denborari. Nire helburua iazko marka hobetzea da», zehaztu du. «Zaila izango da, iaz oso denbora azkarra egin nuelako», gaineratu du. 10.16.28an gelditu zuen kronometroa.
«Postua aurkarien araberakoa izaten da. Garrantzi handiagoa ematen diot denborari»
«Nire helburua iazko marka [10.16.28] hobetzea da. zaila izango da»
Ioseba Eskudero. Mendi korrikalaria
Orekan jarri du helburua lortu ala ez gakoa. «Erritmo egokia topatzea ezinbestekoa izango da». Baikorra da, prestaketa lanak ondo joan direlako. «Iaz bezala entrenatu dut. Diferentzia bakarra, lasterketa luzeagoak sartu ditudala. Apirilean ultra distantziako lasterketa bat egin nuen». Azken astean lan-zama gutxitu du, «urteko helburu nagusira» sasoiko baina indartsu iristeko.
Eskudero da iazko lehen bost postuetan bukatu zuten korrikalarietatik parte hartuko duen bakarra. Garaipenerako borrokan ibiliko diren beste izen batzuk Pello Berrizbeitia eta Peru Robles izan daitezke. Biek bukatu zuten top10-ean.
Goierritar emakumezkoak
Nesketan faborito argiago bat dago: Oihana Azkorbebeitia. «Koskatxo bat gainetik dago gainontzekoekin alderatuz», diote antolatzaileek. Nazioarte mailan eta hemengo lasterketetan oso emaitza onak lortzen dabil azken urte dezentetan. Kasu, Euskal Herriko traik kopan aurten lehiatu dituen proba guztiak irabazi ditu, hirutik bi. Beasainen ere irabaztea du helburu eta, bide batez, Euskadiko trail txapela eta kopa bereganatzea.
Podiuma osatzeko lehia «ederra» aurreikusi dute antolatzaileek. Amaia Ochoa de Alda, iazko hirugarren sailkatua, Maider Urdangarin Agirre laugarrena eta Golmayo bosgarrena izan daitezke hautagaietako batzuk.
«Ikusten nituen korrikalariak iristen eta inbidia sentitzen nuen»
«Ezagun asko ditut aurretik egin dutenak eta gustura amaitu dutenak»
Larraitz Larrarte. Mendi korrikalaria
Larrartek ez du bere burua borroka hortan ikusten. «Nire helburua bukatzea da». Bidean topatuko dituen zailtasun handienak «nekea eta hanketako minak» izatea espero ditu. «Azkenerako kilometro asko dira eta ea babarik ez zaidan ateratzen». Dena dela, sekula ez du horren lasterketa luzerik egin eta urduri dagoela aitortu du. «Beno, astebururo joan naiz mendira eta ordu dezente sartu ditut. Ea balio duten».
Uxue Fraile Azpeitiak du emakumezkoen artean denborarik onena: 12.11.21. 2019ko edizioan lortu zuen. Zaila izango da hobetzea, baldintza klimatologikoak ezin hobeak zirelako.
Gaua, hotza
Astean zehar eguraldi hezea dago iragarrita eta asteburuan ere euri apur bat egin dezake. Gaua hotza izango da aurreikuspenen arabera, gainera, uda sasoi bete betean izateko. Lehen korrikalariek probaren zati handiena ilunpetan egingo dute eta horrek bakardade sentsazioa hareagotu egiten du. Parte hartzaileek diote beste gakoetako bat dela gaua ondo igarotzea, hoztu eta burua galdu gabe.
Horixe du gauak. Gogorra dela, baina polita ere bai. Korrikalariek diote oilo ipurdia jartzeko modukoa dela ostiral gaueko irteera, ondorengo kopetako argien errosarioarekin. Horrek erakarrita, lehiakide gehien izango dituen proba izango da.
547 korrikalarietatik 407 euskal herritarrak izango dira. Atzerritarrei dagokienez, Espainiatik, Herrialde Katalanetatik, Galiziatik, Portugaldik, Letoniatik, Suediatik eta Andorratik etorriko dira. Europarrak, denak.