II. Emakumeen Ordiziako Klasikoan Gipuzkoako txapelak jokatuko dira, larunbatean
Larunbatean bi proba jokatuko dira II. Emakumeen Ordiziako Klasikoan: junior eta kadete zein 23 urtez azpiko eta elite kategorietan. Guztira 102 ziklistak eman dute izena
Larunbatean II. Emakumeen Ordiziako Txirrindularitza Klasikoa jokatuko da, Txapel Gorri Elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta. Bi lasterketa izango dira, bi kategoria ezberdinetan: junior eta kadete kategoria eta 23 urtez azpiko eta Elite kategoria. Bi probetan, Gipuzkoako Txapelketa izango dute jokoan zizklistek.
Iaz antolatu zuten lehendabiziko aldiz Emakumeen Ordiziako Klasikoa, hutsune bat nabaritu zutelako. Txirrindularitza zaletasun handia dago Ordizian, eta horren erakusgarri dira Ordizia Klasikoa eta Marino Lejarreta proba. Emakumeen txirrindularitza probarik, baina, ez zegoen. Hala, iaz irailaren 11n jokatu zen, Euskal Jaietako egitarauaren bueltan. Aurten, berriz, Santa Ana festen aurretik jokatuko da.
Patxi Garmendia Txapel Gorriko presidentearen hitzetan, «pausoz pauso, ahalegin eta gogo biziz, emakumeen txirrindularitza ere erreferente bihurtuko da». Boluntarioei eta udalari eskerrak eman dizkie. Estatu mailako probak izango dira. Guztira, biak batuta, 102 txirrindularik eman dute izena.
Ibilbideak
Aurreneko proba 23 urtez azpiko eta Elite mailakoa izango da. 9:00etan irtengo dira Gudarien Etorbidetik neutralizatuta, eta irteera ofiziala Otegineatik Itsasondora doan bidean egingo da. Ibaresetik Ordiziara itzuliko dira, bertatik Alegira abiatuko dira. Itsasondo aldera itzuli eta berriz Alegira joatean, Amezketatik Abaltzisketa gainara igoko dira, Zaldibiatik Ordiziara bueltatzeko. Joxe Miel Barandiaran plaza parean helmugaratuko dira, 10:30 inguruan. 63,1 kilometro egingo dituzte. 35 txirrindularik eman dute izena.
Ondoren, kadete eta junior kategorietako probak izango dira. 11:15ean irtengo dira Gudarien Etorbidetik. Otegineatik Itsasondora eta bertatik Alegira joango dira. Ordiziara itzuliko dira, eta Gudarien Etorbidetik behera, Alegira joko dute berriz ere, Altzoko gainara igotzeko. Gudarien Etorbidean helmugaratuko dira 12:30 aldera. 51,1 kilometroko ibilbidea egingo dute. 67 zizklistak eman dute izena.
Ikusgarritasuna
Iazko Klasikoan 35 gradutik gora izan zituzten txirrindulariek. Goierri Kirol Elkarteko Zatika taldeko Olatz Marquet donostiarrak irabazi zuen. Aurtengoa ere «arrakastatsua» izatea espero dute antolatzaileek. «Helburua da emakumeen ikusgarritasuna kirolean bultzatzea», azaldu du Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak.