Iraia Mendia Europako 23 urte azpiko atletismo lehian izango da
Uztailaren 13an, Finlandian, 3.000 metro hesietan korrika egingo du. Estatukoan bigarren eginda lortu du sailkatzea. Lesio baten ondotik, «lorpen handitzat» jo du.

Goi mailako ginga jarrita borobilduko du denboraldiaren erdia Iraia Mendia atleta lazkaotarrak. 23 urtez azpikoen Europako Txapelketan lehiatuko da datorren astean, 3.000 metro hesietan. Duda-mudako asteak igaro ditu, lesio baten erruz, baina Espainiako Txapelketan lehengo asteburuan errematatu zuen errekuperazioa, Europakorako sailkatzea lortu, sasoi puntu onean dela erakutsi, eta Espainiako hautatzailearen deia jasotzeko.
Espoo hirian (Finlandia) jokatuko dira kontinenteko promesen atletismo txapelketak. Mendiak ostegunean, uztailak 13, du sailkatze lasterketa. «Helburu nagusia finalera sartzea da. Ostegunean korrika egingo dut, eta finala larunbatean da; ea han egotea lortzen dudan. Dominetarako ez daukat aukerarik», azaldu zion atzo egunkari honi, telefonoz. Bihar joango dira Espainiako goi errendimenduko zentroan hiruzpalau eguneko kontzentrazioa egitera, eta astelehenean edo asteartean bidaiatuko dute Finlandiara.
Belauneko arazoekin
Egingarria dirudi finalera sartzearen helburuak. Europako Txapelketako modalitateko atleten zerrenda behin finkatuta, rankingean 11. postuan dago Mendia, eta hamabi sailkatuko dira finalera. Hori du neurgailua.
Lesio bat gainditu berri da Mendia, eta Europako Txapelketara joan ahal izatea sari bikoitza da. «Zorte txarra eduki dut orain arte, erdi lesionatuta egon naiz eta. Entrenamenduak ez dira nahi bezala joan. Kostata, baina sailkatzea lortu dut».
«Nire helburu nagusia finalean sartzea da. Dominetarako ez daukat aukerarik»
Iraia Mendia. Atleta
Lehiari benetan heldu behar zion garaian, maiatz erdian, giharre arazoak azaldu zitzaizkion. «Molestiekin hasi nintzen entrenamendu batean; ez nion garrantzirik eman, gainkarga bat izango zelakoan, baina belauneko molestia hori 4-5 astez arrastaka eraman dut. Korrika egin gabe egon behar izan dut, eta bizpahiru aste dira berriro hasi nintzela. Aurretik egindako lana hor zegoen, zorionez, eta azkar berreskuratu dut puntua».
Azken azterketa Espainitako Txapelketa izan du, lehengo asteburuan. Europara txartela eskuratzeko azken aukera zuen. «Hautatzaileentzat ere irizpide garrantzitsua da bi aste lehenago zer sasoitan zauden».
Bigarren egin zuen 3.000 metro hesietan. Zilarraz gain, Europako 10.12.50 minutuko minimoa aise lortu zuen (10.03). «Sasoi onean nagoela erakutsi dut».
Atleta ibilbidean, urrats garrantzitsutzat du Iraia Mendiak Europako 23 urtepekoen proba.