Korrikalarien gidariak
Ehunmilak proban parte hartzen duten gehienek ez dute ibilbidea goitik behera ezagutzen. Mendian galdu ez daitezen, antolatzaileek 8.600 baliza inguru jartzen dituzte, hemezortzi pausotik hemezortzi pausora. Balizak dira korrikalarien gidariak.
Ehunmilak probak 160 kilometro baino gehiago ditu eta korrikalari gehienek ez dute ibilbidea goitik behera ezagutzen. Gainera, lainoa sartzen denean, ez da batere zaila galtzea. Antolatzaileek sekulako lana egiten dute, baina korrikalari bakoitzari gidari bat jartzea gehiegizkoa litzateke. Proba beraien abiaduran egiten dutenak aurkitzea ezinezkoa da, gainera. Hori dela eta, ibilbide osoan zehar balizak jartzen dituzte. 8.600 baliza inguru jartzen dituzte. Hemezortzi pausotik hemezortzi pausora. Balizak dira korrikalarien gidariak. Jesus Mari Kortaberria Mali (Beasain, 1957) Arrastaka elkarteko lehendakaria balizak jartzeaz arduratzen den taldeetako bateko kidea da. Lan horri buruz hitz egin du GOIERRIKO HITZA-rekin.
Azarotik aurrera
Kortaberriak hasieratik lan egin du Ehunmilak proban. «Arrastaka klubeko lehendakaria naiz eta Mikel Valdivielsok Ehunmilak proba antolatzea proposatu zidanean, oso ideia ona iruditu zitzaidan. Baina irteerak eta ikastaroak eta Ehunmilak banatzea eskatu nion. Ni lehenengoez arduratzen naiz eta bera Ehunmilak probaz. Baina, noski, niri ere lana egitea tokatzen zait. Probaz arduratzen den taldea urrian hasten da lanean eta klubeko gainontzekook, berriz, azaroan», azaldu du.
«Balizak gauez eta lainopean ere ondo ikusten dira, ez sinestekoa da»
«Aralarren balizak lurrean sartutako hagatxoetan jartzen ditugu»
«Korrikalaria ezin da kezkatuta egon, baliza non egongo ote den pentsatzen»
«Ostegunean jartzen ditugu, ganaduari balizak txikitzeko astirik ez emateko»
Jesus Mari Kortaberria ‘Mali’. Boluntarioa
Lehen lana aurreko urtean erabilitako balizak txukuntzea izaten da. «Proba amaitu eta berehala baliza guztiak jasotzen ditugu. Gure lokalean gordetzen ditugu. Lehortzen uzten ditugu. Azaroan txukundu egiten ditugu. Alkoholarekin garbitzen ditugu. Behealdean zinta bat jartzen diegu eta zinta apurtuta badute aldatu egiten dugu. Ahal ditugun guztiak berrerabiltzen ditugu. Ingurumenarentzat ona delako eta dirua aurrezteko. Zenbat eta gutxiago bota, hobe. Urtetik urtera 7.600-7.100 berrerabiltzen ditugu. Urtero 1.000-15.000 erosten ditugu, alegia. Erosketez Ehunmiletako antolatzaileak arduratzen dira».
Aralarko zatia
Proba baino egun gutxi batzuk lehenago, balizak jartzeaz arduratzen diren taldeek ibilbidea markatzen dute. Kortaberriaren taldea Txindokitik Uarrainera doan zatiaz arduratzen dira. «Txindokiko lepotik Uarrainera joaten gara, Ganbo Txiki eta Ganbotik. Horretaz gain, Txindokiko lepoan denbora kontrola jartzen dugu. Kanpin dendak jartzen ditugu, guretzat eta horren beharra izan dezaketen korrikalarientzat».
Balizak urrutitik ikustea komeni da, korrikalariak ezin baitira balizen bila ibili. Hori dela eta, balizen goialdea islatzailea da, lainotan ere ikus daitezen. Behealdean, berriz, zinta txuri-gorri bat jartzen diote. «Balizak horiak eta islatzaileak dira. Gauez eta lainopean ere ikusten dira. Ez sinestekoa da».
Balizak zuhaitzetan-eta jartzen dituzte, baina Aralarreko lareetan ez dago zuhaitzik. Hori dela eta, Aralarren balizak lurrean sartutako hagatxoetan jartzen dituzte. 3.000 hagatxo inguru erabiltzen dituzte.
Lainoa, urtero
Ibilbidea osoan lan ona egiten saiatzen dira, baina Aralarreko lana bereziki garrantzitsua da. «Ganbo 1.400 metrotik gora dago eta urtero une baten edo bestean lainoa sartzen da. Lainoa sartzen denean, bost metrora ere ez da ikusten. Hor ez da baliza bakar bat sobratzen. Parte hartzaileen segurtasunerako funtsezkoak dira. Balizak jartzen ditugun lana oso garrantzitsua da eta mimo handiz lan egiten dugu. Korrikalaria ezin da kezkatuta egon, hurrengo baliza non egongo ote den pentsatzen. Korrikalariaren lan bakarra aurrera egitea izan behar da».
Hori dela eta, 18 pausotik 18 pausora baliza bat jartzen dute. Ibilbidea oso luzea denez, baliza guztiak ez dituzte Etxeberriak eta bere taldekoek jartzen. 15-20 talde arduratzen dira balizak jartzeaz. Talde bakoitzak bere zonako balizak jartzen ditu. «Nire taldean sei lagun gaude. Binaka lan egiten dugu. Bikote bakoitzak dagokigun zatiko zati bat egiten du».
Ganadua
Baliza jartzaileen etsai nagusia ganadua da. «Aralarreko balizak ostegunean jartzen ditugu, ganaduari balizak txikitzeko astirik ez emateko. Gure etsai nagusiak zaldiak dira. Balizak gustuko dituzte nonbait. Zintak txikitu egiten dituzte. Goialdeari dagokionez, zurrupatu eta okertu egiten dute. Hori dela eta, ostiralean berriro mendira joaten gara, balizak bere tokian daudela ziurtatzeko. Ostegunerako ekaitza iragarri dutenez, aurten balizak asteazkenean jarriko ditugula uste dut», aurreratu du beasaindarrak.
Urretxu eta Zumarragako taldeak ez ditu horrenbeste buruhauste. Izan ere, beraien zatia motzagoa da. Gainera, Irimo mendia Ganbo baino beherago dago, zazpi puntetan galtzea ezinezkoa da eta ibilbidea Aralarrekoa baino motzagoa da. Konturatzerako, korrikalariak Trekutzen daude.
«Gure zatia motza denez, 200 bat balizekin nahikoa dugu»
«Aralarren balizak gurean baino garrantzitsuagoak dira»
Jon Arriaran. Boluntarioa
Urretxu-Zumarragako boluntarioak
Urretxu eta Zumarragako taldeko arduraduna Jon Arriaran Iraeta (1982, Zumarraga). Mendizalea da, baina ez du sekula mendi lasterketetan parte hartu. Valdivielso bere lankidea da eta laguntza eskatu zion. «Udaletxean baimenak eskatzeaz eta hemengo boluntarioak koordinatzeaz arduratzen naiz. 50 bat gara. Ehunmilak Antion hartu eta Meakan uzten dugu. Ederrena pilotalekuan anoa postua jartzen dugu, bidegurutzeaz arduratzen gara… Balizak jartzeaz ni neu arduratzen naiz. Gure zatia motza denez, 200 bat balizekin nahikoa dut. Aralarren balizak askoz ere garrantzitsuagoak dira».