«Lasterketak eta kirola egiteak ez dauka ez genero ezta adinik ere»
Hirugarren aldia izango du zumarragarrak G2H proban. Gozatzea eta beste edizioetan egindako denbora hobetzea du helburu. Aurtengo emakumeen parte hartze kopuru oparoak asko poztu du.
Zer dela eta parte hartuko duzu G2H lasterketan?
Nire hirugarren aldia izango da lasterketa honetan eta aurreko urteetako denbora hobetzea gustatuko litzaidake. Lehenengo urtetik bigarrenera denbora hobetzea lortu nuen eta aurtengo helburua ere hori izango da, bigarren urtean egindako denbora jaistea.
Zer moduz ikusten duzu zure burua?
Ondo ikusten naiz. Urte bete lasterketetatik kanpo egon naizen arren, ez naiz gelditu. Entrenatzen jarraitu dut eta aurten gogoz hartuko dut G2H proba. Hala ere, nire helburu nagusia ondo bukatzea izango da eta batez ere disfrutatzea.
Zergatik egon zinen lasterketetatik kanpo?
Gogaitu egin nintzen. Iritsi zen momentu bat non deskonektatzea behar nuen, lasterketa mundutik pixka bat aldentzea. Ez zen izan denborarik ez nuelako edo gaizki ikusten nintzelako, baizik eta saturazioagatik. Lasterketetatik urrundu eta oportxo batzuk hartzea behar nuen berriro gogoz hasteko. Hala ere, urte honetan entrenatzen jarraitu dut. Ez da obligazioz egiten dudan zerbait, gustuz egiten dudan zerbait baizik. Korrika egiteak askatasuna eta osasun mentala ematen dizkit. Sakrifikatua den arren, gustatzen zaidan zerbait da. Niretzako hartzen dudan momentu bat, gustura sentitzen naizena.
Inoiz baino emakume gehiago lehiatuko dira aurten hiru probetan, ze iritzi duzu horren aurrean?
Oso pozgarria da niretzako. Lasterketak eta, batez ere, kirola egiteak, ez dauka ez genero ez adinik. Nik mundu guztia animatzen dut kirola egitera. Emakumeok ere egin ditzakegu horrelako lasterketak eta horren isla da aurtengo emakumeen parte hartze kopurua ere. Asko pozten nau Ehunmilako hiru probek horrelako harrera izan dutela entzuteak . Bide onetik goaz.
Askotan, ematen du lasterketa batean ateratzeko edo oso ondo egin behar dugula edo bestela hobe dela ez ateratzea.
Bai, eta batez ere emakumeon artean ematen da hori gehien, gure buruari asko exijitzen baitiogu. Horrek ez luke horrela izan behar, azkena edo lehena egiten duenak meritu berdina dauka. Biak saiatu dira, bakoitza bere erara, helburu eta asmo desberdinekin, baina horren atzean jardun eta lan handia dago bien aldetik. Gainera, azkena iritsi denari askotan ia gehiago eta dena txalotzen zaio! Kontua da parte hartzera ausartzea.
Nola prestatu zara lasterketarako?
Nik arratsaldez entrenatzen dut, goizez egiten baitut lan. Umeak jaso eta nire senarrak erreleboa egiten didanean joaten naiz entrenatzera. Entrenatzaile batekin nabil eta berak jartzen dizkit entrenamenduak eta egin beharreko ariketak. Nire helburuen araberako entrenamenduak egiten ditut. Helburua distantzia luzeagoko lasterketak badira serieak egiten ditut edo mendira joaten naiz. Bestelako ariketak egiteko, korea, indarra eta mugikortasuna esaterako, gimnasiora ere joaten naiz. Entrenatzailea nire helburuetara moldatzen da.
«Emakumeok ere egin ditzakegu horrelako lasterketak. Pozten nau hori ikusteak»
«Burua lantzea ezinbestekoa da. Denbora asko pasatzen dugu bakarrik, eta pentsatzeko denbora asko dago»
Zer moduz kudeatzen dituzu bezperako urduritasunak?
Egia esan oraingo lasterketarako oso urduri nago. Aurreko egunetan bereziki sentibera egoten naiz eta etxekoek ere nabari dute. Denak gehiago eragiten dit. Lasterketan pentsatzen ari naizen egunetan beste gauzak bigarren planoan uzten ditut. Nire senarrak jasanezin egoten naizela esaten dit.
Buruak zer nolako garrantzia dauka lasterketa honetan?
Burua lantzea ezinbestekoa da. Denbora asko pasatzen dugu bakarrik, eta pentsatzeko denbora asko dago. Beti okertu daitezke gauzak, beheraldia etorri… baina beste aldea ere badago, jendeak animatuko zaituen tarteak ere badaude lasterketan eta hor sekulako goraldia etortzen zaizu. Baina bai, buruz ondo prestatuta egon behar duzu. Askotan ondo prestatutako buru batek urrutirago eramango zaitu hanka indartsu batzuek baino.
Lasterketa ondorengo egunak nolakoak izaten dira?
Gorputzak deskantsua eskatzen dit ondorengo egunetan. Batez ere logura eta gose handia izaten dut. Hala ere, aldi berean sekulako asebetetzea sentitzen dut. Oso pozik sentitzen naiz egindako lanarekin. Etxeko giroa ere baretu egiten da lasterketa ondoren. Senarra ere korrikalaria da eta askotan bizi izan ditugu horrelako egoerak. Dagoeneko ohituta gaude etxean.
Pentsatu duzu zure hurrengo erronka zein izango den?
Egun batzuk deskantsatzeko hartuko ditudan arren, izendatu ditut hurrengo helburuak. Printzipioz lasterketa laburragoak dauzkat buruan. Hurrengo denboraldirako Goierri Kopa Trail eta horrelako lasterketetako distantziak egitea gustatuko litzaidake: 20 eta 30 kilometro ingurukoak. Denetik egitea eta probatzea gustatzen zait, karrera luzeak eta baita motzagoak ere.