Lazkaon garagardo azokarekin gozatuko dute gaurtik zapatura
Garagardoaren bueltan, hiru eguneko azoka eta alemaniar erako festa antolatu du Gerriko kultur elkarteak, Lazkaon. Gaur 18:00etan zabalduko dute, pintxo-poteoko giroarekin bat eginda, eta hiru egunetan egongo da gunea, plazako pilotalekuan. Bihar eta etzi ere iluntzean irekiko dute.
Euskal garagardoak izango dira eskaintzako gehienak. Denera, zazpi mota jarriko dituzte: bi hori suabe, bi txigortu, bi IPA eta beltz bat. Basabe markako 5,2 graduko Pilsen horia, Lazkaoko Txosnak eta Basabek elkarlanean egindako Zulo lager horia (4,8 gradu), Apolo irlandar txigortua (6,4), Irati belgikar txigortua (8), Ara izeneko Hazy Ipa (5), Basaberen Legorreggae IPA (5,8), eta Legen beltza (11).
Horiez gain, botilan alkoholik gabeko eta glutenik gabeko garagardoa ere salduko dituzte.
Jatekoa ere bai
Edanari laguntzeko, afariak ere zerbitzatuko dituzte garagardo azokan. Saltxitxak, txonkoa edo txerri ukondoa, hanburgerra Oreka okindegiko ogiarekin, eta hot dog erako saltxitxa ogitartekoa Orekako opilarekin jarri dituzte menu-zerrendan.
Postrerako, berriz, izozkiak eta jogurtak, Iztueta etxekoak.
Musikak girotuta alaituko dute plazako garagardotegia. Urtero bezala, etxola bat muntatu dute frontoiaren barruan. Antolatzailea Gerriko elkartea da. Beste urte batzuetan Berria egunkariaren alde bideratu ditu diru etekinak; aurten, elkartearen beraren jardueretarako.