«Ibarrako Lauburu taldean jokatzea oso aukera polita da»
Gorka Ruiz (Zumarraga, 1995) areto futbol jokalariak Ibarrako Lauburu taldearekin fitxatu du. Goierri taldean jokatu du orain arte eta datorren denboraldian maila bat gorago jokatuko du.
Betidanik al zara futbol zalea?
Bai. Umetan Urolan hasi nintzen. Urolan bederatzi urte eman ondoren, areto futbolean jokatzea erabaki nuen. Izan ere, lagunak ere areto futbolean ari ziren dagoeneko eta bertako giroa gustukoa nuen.
Azkar moldatu al zinen?
Bai. Lehen denboraldia oso ona izan zen. Gazte mailako liga irabazi genuen. Ondoren, Arabako eta Bizkaiko onenen aurka jokatu genuen eta bigarrenak gelditu ginen. Horren ondoren, proba batzuk egin zizkidaten Gipuzkoako selekzioarekin eta Euskadiko selekzioarekin joan nintzen. Areto futbola gustatu egin zitzaidan eta gaur arte…
Gazte mailan hasi zinen areto futbolean, beraz.
19 urterekin hasi nintzen, gazte mailako azken urtean.
Futbolean, zelai handian, ze postutan jokatzen zenuen?
Aurrelaria nintzen. Azkar moldatu nintzen areto futbolera. Futbol zalea izan naiz beti eta areto futbola ere futbola denez…
«Zelai handian golak sartzen nituen eta txikian golak sartzen jarraitu nuen»
Zer da gehien kostatu zitzaizuna?
Areto futboleko baloia ezberdina da eta zelaia txikiagoa da. Areto futbolean teknikak garrantzi handiagoa du. Futbolean fisikoak garrantzi handia du eta baloia gutxiagotan ukitzen duzu. Baina azkar moldatu nintzen. Zelai handian golak sartzen nituen eta txikian golak sartzen jarraitu dut.
Ze postutan jokatzen duzu?
Aurten postu guztietan jokatu dut, baina nire ibilbidean hegaleko pibot eta pibot postuetan jokatu dut batez ere. Goierrin erronboa egiten dugu. Atzean zierreak jokatzen du, bi hegaletan hegaleko pibotek eta aurrean pibotak.
Ibarrako Lauburu taldearekin fitxatu duzu. Orain arte Hirugarren Mailan jokatu duzu eta datorren denboraldian 2. B mailan jokatuko duzu. Aurreko denboraldia bereziki ona izan zelako fitxatu al zaituzte?
Bai. Ondo moldatu naiz. Gol asko sartu ditut. Aurreko denboraldian Euskal Ligatik Hirugarren Mailara igo ginen, helburua mailari eustea zen eta lortu dugu. Gainera, erregularra izan naiz eta lesioek errespetatu egin naute. 24 gol sartu ditut dozena bat partidatan.
Zergatik erabaki duzu Ibarrakoen eskaintza onartzea?
Aukera polita da. 27 urte ditut eta halako aukerak ez dira askotan suertatzen. Pasatzen uzten baduzu, beharbada ez zaituzte berriro deituko. Esperientzia hori bizi nahi dut. Proba egingo dut. Ez bada ondo ateratzen, beti izango dut Goierrira itzultzeko aukera. Duela hiruzpalau urte proba batzuk egin nituen beraiekin, baina lana eta Ibarran entrenatzea bateraezinak ziren. Oraingoan, nagusiari eskaintzaren berri eman diot eta erraztasunak eman dizkidate. Hiru errelebotara nengoen eta goizez jarri behar naute. Olaberriko Laser Goiken enpresan lan egiten dut. Lau hilabete daramatzat enpresa horretan lanean eta oso gustura nago.
Zer esan dizute Ibarrakoek?
David Callejo Goierri taldeko entrenatzailearekin hitz egin zuten eta hiru erreleboetara nengoela esan zien. Nigatik galdetu zutela jakin nuenean, Ibarrako entrenatzailearekin harremanetan jarri nintzen. Bere taldean nahi ninduela esan zidan. Ondoren, klubeko lehendakariarekin eta enpresako arduradunekin hitz egin nuen. Abuztuaren 1ean hasiko ditugu entrenamenduak.
Ibarrakoen proiektua gustatu zaizu, beraz.
Proiektu polita da. Aurten Bigarren Mailara igotzeko jokatu dute eta datorren denboraldiko helburua Bigarren Mailara igotzea dela esan didate. Hasiera gogorra izango dela, baina ondo moldatuko naizela uste dutela esan didate. Golak sartzea espero dutela. Kanpoko jende asko dute eta gipuzkoarrak ere nahi dituzte. Horrek guztiak konfiantza eman dit.
Entrenamendu asko izango al dituzue?
Astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 22:00etara. Partidak Nafarroan, Errioxan, Zaragozan, Castellon… jokatuko ditugu. Oso gogotsu nago. Hilabete dut nire burua prestatzeko. Infinit gimnasiokoekin entrenatzen ari naiz. Nire anaiak bertan lan egiten du.