Zaldibiako hondakin hobari sistema eredu dela txalotu du Europako Batzordeak
Sortze bidezko tasa ordainketa eredugarria dela esan du Bruselak, eta gai organikoa bereizteko Espainiako estatuaren ahalegin murritzaren kontrapuntutzat aurkeztu, Herrialde Katalanetako beste bi udalerrirekin batera.
Europako Batzordeak Zaldibiako udalerriko hondakin bilketa sistema eta hari loturiko hobari bidezko tasa-ordainketa fiskala eredugarritzat jo ditu, batik bat gai organikoaren bereizketa altua lortzeko baliagarri direlako. Lehengo hilean Espainiako estatuari bidalitako arloko txostenean, hiru udalerri nabarmendu zituen Bruselak: Zaldibia eta Herrialde Katalanetako beste bi, Argentona (Bartzelona, Katalunia) eta Esporles (Mallorka, Balear Uharteak).
Aldi berean, Espainiako estatuari errieta egin dio, gaikako bilketan eta bereziki gai organikoaren bereizketa baxuetan ahalegin gutxiegi egiteagatik.
Atez ateko bilketa sistema dauka Zaldibiak. Europako Batzordearen iritziz, hondakinak bereizita biltzeko «praktika ona» landu du azken urteetan herriak: kaletik edukiontzi iraunkorrak kendu, eta sortutako hondakin kopuruaren arabera ordaindu.
Sortzearen araberako tasaren alde agertu da Brusela: «Bilketa eraginkorragoa izan dadin, eta hondakinak birziklatzea errazteko, zergak sortzen den kopuruaren arabera ordainarazteko aholkatu nahi diegu udalei».
Iaz, gaika %37 organikoa
Zaldibian, Sasieta Mankomunitatearen estatistika datuen arabera, 2023ko urteko bateratuan %80ko bereizte tasa dauka –urtarrilean %83ra iritsi zen–. Gaika jasotako guztitik, %31,6 da biohondakina. 2022ko urte osoa aintzat hartuta, bereizita bildu zen hondakinen %81; eta %37,1 zen biohondakina.
Bruselaren aitortza, bilketa tasetan sartu gabe, hobarien sistemagatik iritsi da. Beste herrietan ere hari beretik doa. «Deigarria da eredutzat hiru sistema hartzea estatuan, eta bat Zaldibiakoa izatea. Bide egokian goazela adierazten du honek. Gertuagokoek baloratzen ez dutena, kanpotik etorri behar izan da errekonozimendua», azaldu du Zaldibiako alkate Ioritz Berrak.
Urtarrilaren hasieran hasi zen Zaldibiako Udala sortze bidezko tasa ordainkizunetan hobariak aplikatzen. Auzo-konpost guneetan, organikoa herrian bertan kudeatzeko bidea ere jarri du.
Europako Batzordearen txostena (ingelesez): Waste Early Warning Report_SWD_Spain_EN