Ioseba Eskuderorentzat Goierriko Bi Handiak
Idiazabaldarrak irabazi du G2H. Buruan egin du proba guztia, hasi eta buka. 10.12.32ko denbora egin du.
Ioseba Eskudero idiazabaldarrak irabazi du Goierriko Bi Handiak. Buruan egin du proba guztia, hasi eta buka. 10.12.32ko denbora egin du. Helmugara Elorri ilobarekin sartu da.
GOIERRIKO HITZAri lasterketaren bezperan esan zion helburua iazko denbora hobetzea zuela, postua baino. Lortu du. Lau minututan hobetu du iazko marka. “Gutxigatik, baina gustura”. Aritz Egearen errekorra ezin izan du hobetu, dena dela.
Ordiziara heldu orduko tartea zabaltzen hasi da. Halere, ez du lasai hartu eta bere burua estutu du, denbora hobetzeko helburua lortu nahian. Aitortu du txakalaldi handirik ez duela izan, baina Aizkorrin gora “deseroso” sentitu dela. “Hankak nekatuta nabari nituen”. Zerainen hogei minutuko aldea zuen bere alde eta hortik aurrera lasaiago joan dela gaineratu du helmuga marra pasatakoan.
Euskadiko txapelduna
Goierriko Bi Handiak Euskadiko txapelketa ere izan da aurten. Txapela ere bereganatu du idiazabaldarrak.