Goierriko herriek bat egin dute UEMAren manifestuarekin
Pasa den ostiralean Usurbilen egin zuen agerraldia UEMAk, eta Goierriko hainbat herritako udal ordezkari ere bertan izan ziren salaketarekin bat eginez.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udalei euskara hutsez funtzionatzeko bidea ezeztatu die sententzia baten bidez, eta hori salatzeko egin zuten elkarretaratzea. Agerraldian, 125 alkate eta hautetsi inguru bildu ziren, eta horien artean goierritarrak ere baziren, Altzaga, Arama, Ataun, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Idiazabal, Itsasondo, Legorreta, Segura eta Zerain herriak UEMAren parte baitira.
Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikuluak udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak euskara hutsean egiteko aukera ematen die, eta lege hori da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi duena.
Auzitegi Konstituzionalak hartu zuen erabaki hori salatzeko, udalek euskaraz jarduteko duten eskumena defendatzeko eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lan egiten jarraituko dutela adierazteko bildu ziren.
2021ean VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Gero, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Madrilera bidali zuen kasua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, hain zuzen, eta han 6.2 artikulua baliogabetu dute.
Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an deitu du protesta, eta UEMA bertan izango dela iragarri dute.