168 kilo hondakin bildu dituzte Oria ibaian
Hamasei herritar bildu ziren garbiketa egiteko. Proiektuko bigarren jardunaldia hurrengo astean izango da, uztailaren 18an. Espezie inbaditzaileen erauzketa egingo dute
Beasaingo herritarrak Oria ibaira jaitsi ziren atzo arratsaldean bertako hondakinak biltzera. Gaur goizean Aranzadi Zientzia Elkarteak jakinarazi duenez, denera 168 kilo hondakin jaso zituzten, aurreko urtean baino 20 kilo gutxiago da. Adin guztietako hamasei herritar elkartu ziren Igartzako Monumentu Multzoko ibai eremuan garbiketa egiteko. Azken urteetan bildu den zabor kopurua kontuan izanik, herritarrak arazo honetaz sentsibilizatzen jarraitzea “beharrezkoa” dela uste du Beasaingo Udalak.
Proiektuaren helburua herria txukun mantentzea eta natur ondarea babestea da. Horretarako, ekintza desberdinak antolatu dituzte: ibaietako zaborra garbitzea, landare inbaditzaileen erradikazioa eta ibarbasoa leheneratzea bertako berrehun landare landatuz. Gainera, proiektu hau bat dator Euskadiko Biodibertsitate estrategiarekin, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiarekin eta Ingurumen Esparru Programarekin. Oria ibaiaz gain, Estandan eta Agauntzan ere egingo dira proiektu honetako jarduerak.
Biodibertsitatearen kontserbazioa ardatz duen bi jardunaldietako lehen saioa izan zen atzokoa. Hurrengo astean, uztailaren 18an, espezie inbaditzaileen erauzketa egingo dute. Bigarren jardunaldia ere Igartzako Monumentu Multzoko ibai eremuan egingo da. Hala ere, Antzizar kiroldegian hasiko dute ekitaldia, 17:00etan. Kiroldegitik paseo bat emanez ibaian dagoen landarediaren azalpen batzuk emango ditu Aranzadik. Jarraian, Igartza Monumentu Multzora zuzenduko dira bolondresekin batera landare inbaditzaileen eskuzko erauzketa egiteko.
Proiektua amaitzeko, behin garbiketa eta erauzketak eginda, lehentasuneko eremuak zehaztu eta ibarbasoko espezieak landatuko dira erreka eta ibai ertzetan: hurritza, haltza edo lizarra, besteak beste. Landaketa gunea Aranzadiko langileek egingo dute 2023eko udazkenean.
Bigarren jardunaldirako ere beharrezkoa da izena ematea esteka honetan. Eraman beharreko gauzen artean ibaian sartzeko oinetako egokiak eta arropa erosoa daude.