Aztirian festak ospatuko dituzte asteburuan, mendi lasterketarekin ardaztuta
Igandean jokatuko da Aztiriko 17. Mendi Lasterketa, ehun-bat lasterkarirekin. Auzoko jaiek ohiko osagaiak izango dituzte. Lakiolatarrek herri kiroletan aizkora desafioa egingo dute.
Tourraren pasaerako sukarraldia baretuta, atzera festarako asmoan dago Aztiria auzoa. Santa Marina festak asteburuan ospatuko dituzte, ostiraletik igandera; zaindariaren eguna asteartean gogoratuko dute.
Herri otorduak, erromeriak, bertsoak, bolatea eta auzotarren bilgarri den patata-tortilla lehiaketa, ohiko ekitaldiekin garatuko dute jai egitaraua. Auzoko helduen gisa Etxetxo baserriko Maria Agirre omenduko dute.
Ikusmina piztu du igandeko herri kirol saioak. Lakiola baserriko bi aita-seme bikoteren desafioa izango da. Luis eta Josu Ibarguren aita-semeak, Iñaki eta Xabier aita-semeen aurka, aizkoran ariko dira. Aztiriko gazteek trontza, txingekin, oskol biltzen eta korrika osatuko dituzte lehiarako bi talde.
Mendi lasterketa
Jende ugari erakarriko duena 17. Mendi Lasterketa izango da, igandean. Atzo 50 bat korrikalari zeuden izena emanda –bihar itxiko dute epea–. 11 kilometroko eta 663 metro positiboko ibilbidea osatu beharko dute, Aizaleku eta Otañu igota; iaztik ez dute aldaketarik sartu bideetan.
Ostirala
- 19:00. Ezkil joaldia, suziriak.
- 19:00. Bola eta toka auzotarrek.
- 21:00. Auzo afaria, erretegian.
- 23:00. Josu Zubiaren kantaldia.
Larunbata
- 11:00. Otañura mendi irteera.
- 13:00. Poteo herrikoia.
- 18:00. Patata-tortilla lehiaketa. Ondoren. Pintxoak eta ardoa, eta Antsorregi eta Larrañaga trikitilariak.
- 21:00. Bertso afaria, Aztiri-Bat elkartean. Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi eta Ane Beloki.
- Gauean. Erromeria.
Igandea
- 09:00. Gabiriako txistularien goiz eresia, etxez etxe.
- 10:30. 17.Mendi Lasterketaren irteera.
- 11:00. Meza.
- 12:30. Auzoko helduenari omenaldia. Sari banaketa.
- 13:00. Goruntz dantza taldea.
- 18:30. Herri kirol erakustaldia.
- 18:30. Bola lehiaketa.
Asteartea
- 11:00. Meza. Ondoren, hamaiketakoa auzoko musikariekin.