Gazta eta sagar dultzea, bikote paregabea
Postrerako aukera bikaina osatu dute Ordiziako feriako berritasunetako bik: behi gazta eta sagar dultzea. Barazki berri gehiago ere iritsi dira, eta fruten atalean, urteko lehen pikuak edo uztapikuak jarri dituzte salgai.
Piperra, tomatea, kuiatxoa, leka, luzokerra, uraza, sagarra, arana… Ordiziako feria udako jaki goxoz betetzen ari da astetik astera, eta atzo ere iritsi ziren berritasunak. Barazkien eta fruten ataletan, bietan ikusi ziren produktu berriak, zeru goibelarekin eta garai honetarako tenperatura freskoarekin egin zen ferian.
Bestelako berritasunak ere izan ziren, eta aipagarrienak gazta mota berri bat eta sagar dultzea izan ziren.
Gazta berria Beñat Telleriak eraman zuen, Mutiloako Odio baserrian behi esnearekin egindakoa. Hiru kiloko piezak ziren, 45 litro esnerekin eta sei hilabeteko ontze prozesurako espresuki eginak. Gazta normalak kilo bat izaten du, 8-10 litro esne behar ditu eta bi hilabetez ondu eta gero jaten hasten da. Txikiaren prezioa 16,50 eurokoa da, eta handiarena ere berdina da, oraindik freskoa dagoelako; bere ontze puntu gorenera iristean, kiloa 18 euroan jarriko du salgai Telleriak. Mutiloar honek, bestalde, gazta urdina ere badu.
Bestetik, sagar dultzea Maite Zurutuzaren eta Axun Etxeberriaren postuetan zegoen salgai, kilo laurden eta kilo erdiko ontzietan: 2,80 eta 4,80 euro bitartekoa zen prezioa, pisuaren arabera (kiloa 9-10 euroan).
Uztapikua eta Lollo uraza
Fruten ataleko berritasuna uztapikua izan zen. Maria Jesus Oriak zuen salgai, kiloa 4 euroan, eta azaldu zuenez, pikondoak urtean izaten dituen hiru uztetako lehena da hau; abuztuko pikua emango du gero, eta piku berantiarra azkenik.
Leka mota berri bat ere bazuen Oriak, igitaia. Hiru leka klase zituen salgai guztira, lisoa eta borobil gorriarekin batera. Kiloa 5-7 euro artean dago ferian.
Urazak ere ugaritzen ari dira, eta ohikoei edo batavia motakoei, atzo Lollo motakoa batu zitzaien. Edurne Jauregik zituen biak, baita kukulua eta haritz hostokoa ere. Urazen prezioa, tamainaren arabera, 0,60 eta euro artekoa da.
Hemengo gibelurdina eta zuza hirua
Perretxikoen plaza barruko eskaintza aipatu behar da, Maite Zurutuzak hemengo gibelurdinak zituelako salgai, bost kilo (30 euroan kiloa), eta Axun Etxeberriak beste sei kilo ziza hori (15 euro). Etxeberriak onddo, gibelurdin eta saltsa perretxiko beltz kilo bana ere bazituen.
Eta Lasa eta Barcinaren artean honako eskaintza osatu zuten: 80 kilo ziza (15-30 €), 43 kilo ziza hori (18€), 55 kilo onddo (30 €) eta4 kilo gibelurdin (30€).