'Kosta ala kosta buelta a la kosta', larunbatean
Larunbatean egingo dute segurarrek ‘Kosta ala kosta buelta a la kosta’ izeneko bizikleta ibilaldia. Izenak dioen bezala, kostara joango dira Seguratik abiatuta.
80. hamarkadan egin zen lehenengoz ibilbide hau, eta urte batzuetan egin ez den arren indarra hartzen ari da berriro ere ekimen hau. Aurtengo ibilbiderako, dagoeneko, 35 pertsona inguruk eman dute izena.
Goizeko zortzietan elkartuko dira txirrindulariak Segurako plazan, eta lehenengo geldialdia Azpeitian egingo dute. Gero Getariara joango dira, eta handik Aia-Andazarratera. Hurrengo geralekua Asteasun egingo dute, eta jarraian Villabonara eta Tolosara joango dira. Alegiatik igaroko dira azkenik, eta itzulia Seguran amaituko dute. 125 km inguruko ibilbidea da, gutxi gora behera.
Ibilbidea 15:30 aldera amaitzea aurreikusi dute antolatzaileek, eta gero Seguran bazkalduko dute.
Gaur amaituko da izen emate epea, eta antolatzaileek esan dutenaren arabera, bazkaltzera joateko ez da derrigorrezkoa bizikletaz itzulia egitea. Bestalde, hemezortzi urte baino gutxiago dituztenak arduradun batekin joan beharko direla azpimarratu dute.