Kulturarteko Festan bildutako dirua ostiralean emango diote GKE bati
Ekainaren 11an ospatu zuten Ormaiztegiko 5. Kulturarteko Festa, eta lortutako dirua ostiralean emango diote Serso San Viator Gobernuz Kanpoko Erakundeari.
Bi azoka egin ziren aniztasunaren festan, eta “sekula baino parte hartze handiagoa” izan dela adierazi dute antolatzaileek. Azokan 1698 euro bildu zituzten guztira, eta horren bi herenak igandean tiketak saltzen lagundu zuen Serso San Viator GKEari emango dizkiote. Diru hau Hondurasko Jutiapa herriko nerabeen artean haurdunaldi goiztiarraren prebentzioa helburu duen proiektua garatzen jarraitzeko erabiliko dute.
Diruaren beste herena, festa antolatu duen lan taldearen elkar ezagutza eta integrazioa helburu dituen topaketa bat antolatzeko erabiliko dute.
Ekitaldian Jon Enrike Ormaiztegiko alkatea, Lurdes Azpiazu Zumalakarregi Museoko koordinatzailea, Kulturarteko festako antolaketa taldeko ordezkariak eta Tomas Aranberri Serso San Viator GKEko ordezkaria izango dira.