‘Psikoeskape’ antzezlana aurkeztuko du Urrupek bihar, Herri Antzokian
Urrupen aurtengo bigarren antzezlana izango da, martxoan ‘Si ellas hablaran’ aurkeztu baitzuten. «Clown estiloko komedia zoro eta dibertigarria» da, taldearen esanetan.
Urteko bigarren antzezlana aurkeztuko du bihar Ordiziako Urrup Antzerki Taldeak, Herri Antzokian. Psikoeskape izena du eta, azkeneko bi antzezlanak bezala, Ana Martinez Urrupeko kideak idatzi du gidoia. Oraingoan, euskaraz. Taldeak azaldu duenez, «komedia zoro-zoro bat» da. Rosa Rojoren zuzendaritzapean, bederatzi antzezlek gorpuztuko dute lana: Ana Martinez, Gorka Lariz, Lucia Hurtado, Juan Manuel Petxarroman, Jose Luis Elortza, Julen Iraola, Maialen de Carlos, Marisol Cavero eta Izaro Paredes igoko dira oholtzara. 20:30ean hasiko da.
Iazko Tuppersex antzezlanak eta martxoan aurkeztutako Si ellas hablaran antzezlanak izandako arrakastaren ondoren, euskarazko lehen gidoia prestatu du Martinezek 2023ko Santa Ana festen aurretiko emanaldia izango denerako. Osasun mentala lanaren ardatzetako bat da, eta ikuspuntu komikotik lantzen dute. Taldeak azaldu duenez, «clown estiloko komedia zoro eta dibertigarri bat» da.
«Xabier, Larraitz, Oskar, Antton, Peru, Saioa, Raquel…zu eta ni bezalakoak dira, hau da, ez daude burutik sano. Horregatik iritsi dira Psikoeskapera. Eta zu? Erabakiak hartzea zaila egiten zaizu? Ezetz esaten ez dakizu? Gurasoek nazkatzen zaituzte? Beldur eszenikoa duzu? Zerbait egin nahi duzu, baina ezin? Ezgehiago pentsatu. Zatoz Psikoeskapera. Profesionaltasuna, enpatia, hurbiltasuna. Psikoeskapen aurkituko duzu irtenbidea. Edo agian ez?». Hori da Psikoeskape komediaren muina. Azken lanetan bezala, Eukene Lekuonak diseinatu du kartela.
«Barreak eta terapia»
Euskarazko zein gaztelerazko lanak egin ditu Urrupek 30 urtetik gorako ibilbidean. Taldearen esanetan, «euskararen normalizazioari ekarpena egiten ahalegindu» dira urtez urte. Tennessee Williamsen Larkspur lozioaren markesa, Zapaldutako petunien kasua eta Desio izeneko tranbia, Shakespeare-ren Zuek nahi bezala edo Dario Foren Ez dago lapurrik onik ez dakarrenik antzezlanak aurkeztu dituzte euskaraz, besteak beste. Azkeneko biak gazteleraz egin ostean, euskaraz eramango dute lana taula gainera. Herritarrak gonbidatu dituzte antzezlanaz gozatzera, «prezio berean barreak eta terapia» eskainiko baitituzte.
Sarrerak salgai, online eta leihatilan
Dagoeneko Psikoeskape ikusteko sarrera gehienak saldu dira, baina 30 bat sarrera geratzen dira oraindik. Kutxabank-en bidez erosi daitezke, 7 euroan, gastuak barne. Bihar bertan, antzezlanaren aurretik, sarrerak geratuz gero, lehiatilan ere erosi ahal izango dira.