Sagastitarren gora-behera antzeztuak Lazkaon, gaur
Txalo konpainiaren Sagastitarrak antzerkia Lazkaon egingo dute, gaur. Areria antzokian, 19:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak 10 euroan dauzka udalak salgai, lazkao.eus webgunean. Atzo geratzen ziren oraindik.
Komedia jeneroko antzezlana da Sagastitarrak, Ramon Madaulak idatzia eta Begoña Bilbaok zuzendua. Hiru aktorek jokatzen dute: Joseba Apaolaza urretxuarrak, Ainhoa Etxebarria ondarrutarrak eta Koldo Olabarri bilbotarrak.
Tradizioa eta patriarkatua
Goi burgesiako familia bateko kide, Anton Sagasti familia buruak ez du ulertuko abizena aldatzeko eta amarena lehenengo jartzeko Ane alabaren seta. Ekintzaile feminista da alaba, eta gizarte patriarkala amaitzeko tresnatzat du amaren abizena.
Eskualdean tradizio handiko Sagasti abizenari segida emateko, amarru eta martingala ugari erabiliko ditu, aldiz, Antonek.