Sukiatarren pisua euskal marketan
Zuhatz Sukia Imaz atleta ataundarrak Espainiako 18 urtez azpiko zilarra lortu du pisu jaurtiketan. 17,84 metrorekin, Euskal Herriko bigarren marka onena da. Iker Sukiak dauka onena. Goierritarrek jarraitzen dute goi-goian.
Iker eta Zuhatz Sukia aita-semeak, aurtengo martxoan, Salamancan. 
Zuhaitz Sukia, igandean, Gijongo podiumean.
Zuhatz Sukia Imaz atleta ataundarrak zilarrezko domina lortu zuen, igande iluntzean, Gijonen (Asturias, Espainia) jokatutako 18 urtez azpikoen Espainiako txapelketan, pisu jaurtiketan. 17,84 metrora urrundu zuen bola, bigarren saiakeran. Marka pertsonala du, eta Euskal Herriko inoizko bigarren marka onena. Kurioski, haren aita Iker Sukia Esnaolak (Ataun, 1978) dauka errekorra, maila absolutuan: 19,05 metro (Tolosa, 1999).
Hamasei urte dauzka Zuhatz Sukiak, irailean beteko ditu hamazazpi, eta Txindoki-Jaso atletismo taldeko kidea da ataundarra. Garapen ikusgarria izan du aurtengo urtean. Martxoan Salamancan lehiatu zen Sukia, pista estaliko 18 urtez azpikoen Espainiako txapelketan. Brontzezko domina irabazi zuen orduan.
Nazioarteko atletismoan 2021eko martxoan egin zuen debuta, Oviedon, 16 urtez azpikoen estatukoan. 4 kiloko bola 13,38 metrora bota zuen orduan. Orain, pista irekiko zilarrezkoarekin, Euskal Herriko domina-zerrendan lortu du tokia egitea.
Bi erreferente inguruan
Odei Lopez pisu jaurtitzaile ohi legorretarra du Ordiziako atletismo klubean entrenatzaile Zuhatz Sukiak. Juniorretan Euskadiko txapeldun izan zen 2006an (17,40rekin kategoria horretako errekorra, sei kiloko pisuarekin), eta promesetan Espainiako txapeldun 2008an.
Ikasleak maisua gainditu duela esan liteke, markei dagokienez. Lopezek pista estalian 17,20 metro du marka pertsonala (Donostia, 2011), eta irekian 17,14 metro (Tolosa, 2010).
Iker Sukia Esnaola aita du, etxean bertan, erreferentea; inoizko euskal jaurtitzailerik onena da: juniorretan Europako 3.a, 11 aldiz estatuko txapeldun, euskal markaren jabe… 18 urtez azpikoen kategorian (5 kiloko pisuarekin) 20,13 botatzera iritsi zen Iker Sukia (Bath, Ingalaterra, 1995). Podiuma ere etxean dute.













