Urko Perezek Antzizarren egingo du debuta Euskal selekzioarekin
Saskibaloi jokalari beasaindarra deitu du Jon Gonzalez hautatzaileak. Euskadik Eslovakiaren aurka jokatuko du asteburuan Antzizar kiroldegian. Ikustera joateko deia egin dute
Urko Perez saskibaloi jokalari beasaindarrak jubenil mailako Euskal selekziorekin debuta egingo du asteburuan. Non eta Beasainen, Antzizar kiroldegian. «Oso pozik nago», aitortu du. «Jose Marik [Arrospide] abisatu zidan Euskal selekzioak Beasainen jokatuko zuela. Hurrengo egunean federazioko ordezkari batek deitu zidan, ea egun hauetan libre nengoen jakiteko. Data batzuk aldatu behar izan ditut, baina ezin nuen aukera pasatzen utzi», azpimarratu du.
Partida igandean izango da, 19:00etan. Herritarrei harmailak betetzeko gonbita egin die. «Kuadrillako lagunek behintzat esan didate etorriko direla». Elena Ruiz Beasaingo Udaleko kirol zinegotziak eta Jose Mari Arrospide BKLko zuzendariak ere partida ikustera joateko deia egin dute. Sarrera doakoa izango da.
Ruizek gaineratu du «oso garrantzitsua» dela Beasainen Euskal selekzioak jokatzea. «Beasainek eta BKLk saskibaloiaren alde egiten duten lanari aitortza egiten dio», esan du. Kiroldegiaren zorua jarri du adibide gisa. «Aldatu ez bagenu ezinezkoa izango litzateke halako ekintza bat antolatzea».
Arrospidek esan du aurrera pausoa eman duela BKLk partida honekin. «Orain arte antolatu izan ditugu partida garrantzitsuak. Euskal kopak, esaterako. Baina Euskadi mailakoak. Orain jauzia eman dugu eta nazioarteko partida bat antolatu dugu». «Erronka» izan dela aitortu du, baina dena ondo joango denaren itxaropena agertu du.
Eslovakia izango du parean etxeko selekzioak. Jon Gonzalez hautatzailearen arabera aurkari «oso potentea» izango da, baina ez du garaipena baztertu. «Iaz Portugalen aurka bi partida jokatu genituen eta biak irabazi genituen». Gazte mailako Europako txapelketa prestatzen ari da Eslovakia. Euskal selekzioarentzat aukera ona dela aipatu du federazioko ordezkariak, «bertako jokalariek ere izan dezaten nazioarteko partidak jokatzeko aukera», azaldu du.
Harrobia aipatuta, Gonzalezek loreak eskaini dizkio BKLri. Beasaingo taldeak gazte mailetan «sekulako lana» egiten duela esan du eta saskibaloi munduan «erreferente» direla. Esker oneko hitzak izan ditu Beasaingo Udalarentzat partida antolatzeko jarri dituen erraztasunengatik.
Beasainen egun bat baino gehiago igaroko dute bi taldeek. Herrian egingo dute lo eta Antzizarren entrenatuko dute.