‘Biziolapp’ martxan da
Biziola dendako produktuak sakelako telefonoaren bitartez eskatzeko modua dago jada. Ordainketak oraingoz ezingo dira ‘on-line’ egin. Eskariak jasotzeko lau bide dauzkate bezeroek.
Astelehenean aurkeztu zuen Biziola Kooperatibak Biziolapp aplikazio informatikoa, sakelako telefonoaren bitartez erosteko, eskariak egiteko nahiz elkarreraginerako tresna. «Komunitatea indartu» eta Biziolan egiten den guztiaren informazioa jasotzeko «kanal zuzena» izatea nahi dute, arduradunek azaldu dutenez. Biziolako Ander Kerejetak eta aplikazioa garatu duen Aiora IKT etxeko Igor Egurenek aurkeztu dute Biziolapp.
Hilabetetako lana eskatu die Biziolapp-ek eta deskargatzeko moduan dago dagoeneko; Android sistema eragilea duten telefonoetan Google Play-n, eta IOS sistemakoentzat App Store-n jaits daiteke. «Goierritarrei gonbidapena luzatzen diegu aplikazioa instalatu eta kuxkuxeatzeko», esan du Biziolako Ander Kerejetak. Aiora IKT etxearen Uhiin proiektuarekin lankidetzan garatu dute.
Aplikazioak bost atal nagusi ditu. Albisteenean, Biziolaren jardunarekin zerikusia duten jakingarriak emango dituzte, kooperatibarekin lotutakoak edo beste eragile batzuekin elkarlanean sustatutako proiektuak. Ekintzak atalean, Biziolak antolatutako hitzaldi, jardunaldi, kultura-saio eta bestelakoak iragarriko dituzte, baita izen-emateak bideratu ere. Kooperatibak erabiltzen dituen sare sozialen bilgunea da hirugarren atal bat.
Azkenik, Erosketa Ataria du berrikuntza nagusia aplikazioak. Dendako produktuak on-line eska daitezke, nahiz eta ordainketak oraindik ezin litezkeen telematikoki horren bitartez egin.
Salerosketaz gain, eskualdeko ekoizle bakoitzak bere txokoa ere badu, norbere proiektuaren informazioa, ekoizten dituen produktuen zerrenda, edo bezeroekin harremanetan jartzeko sare sozialekin.
Eskariak jasotzeko lau toki
Aplikazioaren bitartez erositako gaiak lau tokitan jaso ditzakete ondoren erosleek, gaur-gaurkoz: Biziolaren Lazkaoko dendan bertan, edota Gabirian eta Mutiloan asteartero jartzen dituzten postuetan. Uztailaren bukaerara arte emango dute azken zerbitzu hori, printzipioz: Gabiriako plazan 16:00-17:00 bitartean eta Mutiloan 17:30etik 18:30era egoten dira.
Banaketarako probaldi gehiagorekin ere jarraitzen du Biziola Kooperatibak. Ataunen banaketa pilotuan zehaztutako lokal batera entregatzen dituzte eskariak, Segurako Zopazokara sei astean eraman dituzte, eta Panelfisako langileek lantegian bertan har ditzakete, saiakera modura.
Irailean zehaztuko dute banaketa sarea nola zabaldu eta egokitu. Asmoa Goierri guztira zerbitzua ematea da.
Eroslea modu errazean eta logikoan eska ditzake Biziolapp tresnaren bidez erosgaiak. Fakturazio xehetasunen pantailan, helbidea, herria eta telefono zenbakia idatzi behar dira aurrena.
Denda birtualera sartuko da jarraian, eta produktu motaren arabera sailkatuta (edariak, esnekiak…) edo salduenen zerrendan topatuko ditu erosgaiak. Banaka salgaia aukeratu, kopurua aukeratu, eta saskira gehituko du. Azkenik, non jasoko duen zehaztu behar da.