Etxemendira itzuli da Graziana
Kasualitate batek herenamonaren etxera eraman du Euskal Herrira euskara ikastera etorri den Kaliforniako gazte bat, Sam Walker. Graziana Inda duela 120 urte atera zen Urepeleko Etxemendia baserritik. Walkerren bidaiaren lekuko izan da 'Berria'. «Gertatu egin behar zuen», dioenez.
Urepeleko Etxemendia baserriak ateak ireki dizkio berriro Graziana Indari, 120 geroago. 1902an edo 1903an utzi zuen sorlekua AEBetara joateko, eta iragan larunbatean ezustean itzuli da Etxemendira. «Gertatu egin behar zuen», dio Samuel Walker Sam 24 urteko gazte kaliforniarrak. Sacramenton jaio zen, eta Grazianaren hereniloba da. Ekainaren 25ean iritsi zen Euskal Herrira, Ateak Ireki programaren bidez, euskara ikasteko eta Euskal Herria ezagutzeko. Galdua zuen herenamatxiren senideen arrastoa, baina, kasualitate bati esker, familiaren etxera itzuli da.
Ateak Irekik hiru asteko egonaldia eskaini die diasporako 37 gazteri Goierrin (Gipuzkoa). Walker da horietako bat. Berria-ko kazetari baten familiaren etxean bizitzea egokitu zitzaion. Ekainaren 25ean iritsi zen Ordiziara. Grazianaren ondorengoa dela eta hura Urepeleko Etxemendia etxekoa zela besterik ez zekien. Kazetariak galdetu zion Urepelera joan nahi ote zuen. «Bai, noski. Eskerrik asko». Hegazkinean hasi zen euskara ikasten, eta azkar ikasten du; ez dakizki alferrik beste sei hizkuntza.
Eta Etxemendia? Egongo al da norbait Grazianak duela 120 urte pasatu zuen atearen bestaldean? Film bateko gidoi batean bezala, Walker iritsi eta bi egunera, Urepeleko gazte bat gurutzatu da istorio honetan: Xalbat Altzugarai. Udan praktikak egingo ditu Berria-n. Ekainaren 27an, praktika horien formakuntza ikastaroan topo egin zuten Berria-ko kazetariak eta Altzugaraik:
-Aurkeztu zaitezte, mesedez.
-Ni Xalbat naiz, Urepelekoa.
Amaitzean, kazetariak galdetu dio Urepelen Etxemendia izeneko baserri bat ba ote den oraindik. «Etxemendia? Zergatik nahi duzu jakin?». Estutu egin da gaztea: «Hau zer ari da ene etxeaz mintzatzen Berria-n?», pentsatu du. Kazetariak azaldu dio istorioa. «Graziana zuen izena Samen herenamonak».
Izena entzun duenean, bihotza gelditu zaio Altzugarairi. Eta segidan oilo ipurdia jarri zaio kazetariari besoetan:
-Ni Etxemendikoa naiz. Graziana nire amatxiren izeba zen.
Erreportaje osoa Berria.eus webgunean.