Euskara ikasteko diru-laguntzak eskatzeko epea, zabalik
Irailaren 30era arte egin daiteke eskaera.
Aurten ere Idiazabalgo Udalak euskara ikasteko diru-laguntzaren deialdia zabaldu du. 2022ko uztailaren batetik 2023ko ekainaren 30 artean egindako ikastaroen gastuak ordaintzeko da diru-laguntza hau. Eskaera egiteko epea irailaren 30ean amaituko da.
Aurreikusitako diru-laguntzaren kopurua 1.000 eurokoa da, eta adierazitako epearen barruan aurkeztutako eskariak onartuko dituzte erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte.
Diru-laguntza hau jasotzeko xehetasun hauek bete beharko dira: Idiazabalen erroldatuta egotea, HABEk onetsitako zentroren bateko ikastaroetako batean matrikulatuta egotea eta hamasei urtetik gora izatea diru-laguntza eskatzen den ikastaroa amaitzen denerako.
Aipatutako eskaera hori erregistro elektronikoan, erregistro gaietarako laguntza bulegoetan, posta bulegoetan edo indarrean dauden xedapenetan adierazitako beste edozein tokitan egin daiteke. Erregistro elektronikoan aurkeztuz gero, eskatzaileak sinadura elektronikoa edo pasahitza erabili beharko ditu. Bestalde, aurkeztu beharreko dokumentazio guztia Idiazabalgo Udalaren webgunean aurkeztu beharko da. Horretaz gain, deialdi bakoitzaren informazioa eta eskaera orriak online egongo dira eskuragarri, idiazabal.eus webgunean.
Aurkeztu beharreko agiriak hauek dira: diru laguntza eskatzeko orria, NAN fotokopia, HABEk onetsitako zentroren batean izena emanda dagoenaren izen emate agiria, kontu korrontearen titulartasunaren ziurtagiria, asistentzia (%85) eta aprobetxamendu egiaztagiria eta ikastaroak sortutako gastuak ordaindu izanaren frogagiriak.
Diru laguntzak banatzeko baremo aplikagarriak hauek izango dira: euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastaro presentzialak %100era arte, auto ikaskuntza %60ra arte eta B2 edo baliokidetik aurrerakoak lortzeko ikastaroak %60ra arte.