«Feminismoari buruzko gaiek geroz eta presentzia handiagoa dute»
Zabalik dago ITAn parte hartzeko izen ematea. Izarran egingo da, uztailaren 19tik 23ra. Euskal Herriko herri mugimenduetako kideak izango dira bertan, aniztasunean gai desberdinak jorratzea helburu.
Irekita dago Iraultza Txikien Akanpadan izena emateko epea. Izarran izango da, Ostuño parkean (Araba). «Herri mugimenduaren eta bertan dabiltzanen topagunea» da ITA, «Euskal Herriko borroka ezberdinen plaza». Hirugarren aldia du ekinaldiak, herri mugimenduak saretzeko helburuarekin. Egitarau zabala izango du: hitzaldiek, mahai inguruek, kultura eskaintzak, haurrentzako aktibitateek, azoka batek, jolasek… osatuko dute. Antolakuntza lanetan ibili da Uxue Urzelai Dorronsoro (Ordizia, Gipuzkoa, 1988), eta aldi berriaren nondik norakoez hitz egin du.
Akanpada herri mugimenduaren eta bertan dabiltzanen topagunea dela diozue. Nola definituko zenuke herri mugimendu bat?
Herri mugimendu bat, beste hainbat gauzaren artean, gaur egun dugun sistema kapitalista heteropatriarkalak sortzen dituen desberdintasunei eta ondoezei aurre egiteko alternatibak sortzeko lanean dabilen jende talde bat edo mugimendu bat da.
Behar baten ondorioz sortu zenuten akanpada, ezta?
Beharra zen, eta gaur egun ere bada, Euskal Herrian dagoen herri mugimendu masa handia denbora tarte batez elkartuko zituen espazio bat sortzea. Batetik, elkar ezagutu eta aliantzak sortzeko; eta, bestetik, jorratzen ditugun gaiak edo kezkatzen gaituztenak, gure artean dauden kontraesanekin, landu eta elkarrekin modu eraginkorragoan alternatiba bat sortzeko.
Borroka askotarikoak diren heinean, desadostasunak egongo dira.
Finean, nahiz eta bide desberdinetatik gai desberdinak jorratzen ditugun, herri mugimendu definizio horretan, norabide berera goaz. Horregatik, begirada horiek guztiak mahai gainean izatea eta kontuan hartzea beharrezkoa da.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.