Goierri Gorrik batzar orokorra egingo du datorren ostegunean
Aurreko akta onartzea, kirol txostena egitea, ekimenak, haur eta nerabeak babesteko protokoloa onartzea, 2022/2023 denboraldiko balantze ekonomikoa, 2023/2024 denboraldiko aurrekontua eta kuotak onartzea, eta erregu eta galderak landuko dituzte.
Goierri Gorri Futbol Klubak batzar nagusia egingo du datorren ostegunean, uztailaren 20an. Bi deialdi egingo dituzte, 18:30ean izango da lehena eta 19:00etan bigarrena; biak Beasaingo Antzizar Kiroldegian.
Hizpide izango dituzten gaien artean daude: aurreko akta onartzea, maila guztiei dagokien kirol txostena egitea, bestelako ekimenak, haur eta nerabeak babesteko protokoloa onartzea, 2022/2023 denboraldiko balantze ekonomikoa, 2023/2024 denboraldiko aurrekontua eta kuotak onartzea, eta azkenik, erregu eta galderak.
Bestelako ekimenei dagokienez, 2023/2024 denboraldian egingo dituzten ekintzen inguruan hitz egingo dute: gabonetako eta aste santuko torneoak, berdintasun torneoa, Irantzuren memoriala eta alebin torneoa. Bukatzeko, denboraldi amaierako afariaren inguruan ere hitz egingo dute.