Igandean ospatuko dute 22. Aizkorriko Lagunen Eguna
Igandean ospatuko dute zegamarrek 22. Aizkorriko Lagunen Eguna, eta egitaraua argitaratu dute antolatzaileek. Aurten ez da ohiko egunean egingo: normalean uztaileko lehenengo asteburuan egiten dituzte mendi irteera hauek, baina oraingoan, beste ekitaldi batzuk medio, bi aste atzeratu dute eguna. 06:30ean hasiko dute eguna mendizaleek. Herriko plazan elkartuko dira parte hartzaileak, eta Amezti Mendi Elkartekoak gidatuta eta lagunduta Aizkorrira joan etorria egingo dute. Buelta honek 18-20km inguru ditu.
07:30ean, aldiz, ibilbide laburragoa egingo dutenak abiatuko dira. Ibilbide hau egin behar dutenak Aldaolako aparkalekuan elkartuko dira, eta handik San Adrian – Aizkorri – San Adrian mendi irteera egingo dute. Hauek ere Amezti Mendi Elkartekoen laguntza izango dute. Buelta honek 10km inguru ditu.
09:30ean Aizkorriko tontorrean elkartuko dira denak eta cavarekin topa egingo dute. Bertaratuen argazkia ere aterako dute. Eguneko azken ekintza 12:30 eta 15:00 artean izango da Jose Maiora plazan; Eusko Labeldun hegaluze eta sagardoa dastatuko dituzte.
Aizkorriko Lagunen Elkartea 2000. urtean sortu zen, eta uztailaren 2an egin zuten elkartearen sorrera ekitaldia. Juan Inazio Galdos zen orduan Zegamako alkatea, eta berak irakurri zuen ekitaldiko testua. Galdosek, Aizkorriko Lagunen Elkartearen helburuak zein ziren aipatu zuen ondo hitzen bidez: “Hemen elkarturik hitz eman nahi dugu, Aizkorri mendia eta bere inguruak, bertako landare, abere, hegazti, baso eta zelai, naturak sortu eta gizakiak eraikitako ondasun guztiak errespetatu eta zaintzen beti ahaleginduko garela”.
Urte horretan ospatu zen lehenengo Aizkorriko Lagunen Eguna, eta egun horretako ekitaldi “garrantzitsuenak” Pako Iriondo Euskal Herriko Mendi Federazioko Lehendakariari omenaldia egitea eta Gorrotxategi sendiari eskerrona agertzea izan ziren.
Goizeko zazpietan elkartu ziren Zegamako plazan, eta 120 mendizale inguru bertaratu ziren ibilbide “ofiziala” egiteko asmotan. Aldaola aldetik, gainera, beste 100 pertsona inguru abiatu ziren. Gaur egun ez da horrenbeste jende elkartzen, eta Emilio Txurruka Amezti Mendi Elkarteko kideak dioenaren arabera, 50 lagun inguru elkartuko dira aurten Aizkorri gainean.