Ekintza ugari Zegamako haur eta nerabeentzat
Udaleku irekiak, Udako Haur Txokoa eta Bele Gazte Gaztelekua daude martxan udako aisialdirako.
Zegamako haur eta nerabeek ekintza ugari dituzte udan zehar. Adinaren arabera sailkatzen dituzte gazteak, eta adinaren arabera ekintza bat edo beste egiten dute.
3-10 urte bitartekoentzat udaleku irekiak antolatu ditu Zegamako Udalak, eta 140 haurrek eman dute izena. Ekainaren 22an hasi ziren udalekuak, eta hurrengo ostiralean amaituko dira. Hemezortzi hezitzaile eta koordinatzaile bat arduratzen dira antolaketaz, eta denetarik egiten dute: ur jolasak, eskulanak, eguneko zentrokoei bisita eta ekitaldia, euskal festa, begirale galduaren bila…
2 eta 3 urteko haurrek ere badute haien lekua: Udako Haur Txokoa. Udalak antolatu du txoko hau, eta 9 haurrek eman dute izena. Kasu honetan, bi hezitzaile daude antolakuntzan.
Azkenik, Bele Gazte Gaztelekuan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte 12-18 urte bitarteko haurrentzat. 85 gaztek eman dute izena, eta orotara 9 ekintza antolatu dituzte: erreka eta herriko txokoak garbitzea, altxorraren bila, Urbiara mendi irteera… Pasa den astean, esaterako, bi eguneko irteera egin zuten. Lehenengo egunean Bergantzuko Uraren Ibilbidea egin zuten, eta arratsaldean Miranda Ebroko igerilekuetan egon ziren. Hurrengo egunean, aldiz, Sobrongo abentura parkera joan ziren.