EuskarAbenturako gazteak Goierrin izan dira
Asteburuan Ataunen eta Zerainen izan dira EuskarAbenturako gazteak.
Bi aste barru amaituko da aurtengo EuskarAbentura, eta laugarren edizio honen erdian Goierrin egin dute geldialdia abenturazaleek. 21km-ko ibilbidea egin zuten gazteek larunbatean: Araiatik abiatu ziren, eta Zerainen amaitu zuten eguna.
Zeraindarrak goizeko hamarrak aldera hasi ziren afaria prestatzen, arratsalde alderako dena prest izateko. Jaki “asko” prestatu zituzten egunean zehar; 53 tortilla, besteak beste. Abentura guztian zehar jatekoa prestatzen dien leku bakarra dela adierazi dute Zeraingo antolatzaileek, eta ondorioz “oso gustura” egoten direla diote.
Eguraldi txarraren ondorioz frontoian afaldu behar izan zutela adierazi dute, eta gauean bertso afari moduko bat egin zuten, Maialen Akizu eta Eli Pagola izan baitzituzten bertsotan. Gaua abesten eta jolas ezberdinak egiten amaitu zuten.
Hurrengo egunean, aldiz, Ataunen izan ziren gazteak. 9:30ean iritsi ziren San Gregorio auzora, eta Martin Aramendi Ataungo alkateak eta Joxe Migel Barandiaran fundazioko kideek egin zieten ongietorria. Ataundarrek hiru puntu ezberdinetako bisita gidatu bat zuten prestatuta, baina 140 gazte izanik, hiru taldetan banatu zituzten. Barandiaran Museoa, Perunezar etxea eta Sara etxea ikusi zituzten denek, txandaka, eta gune bakoitzean azalpenak ematen Jon eta Jexux Aizpurua izan ziren.
Eguerdiko hirurak aldera bazkaldu zuten San Gregorioko frontoian, eta handik Tolosara joan ziren.