Aztiria, auzo festen hiria
Santa Marina jaiak gaur bukatuko dira Aztirian. Jende olde handia hartu du auzoak asteburuan, kirol ekitaldiek eta giro herrikoiak erakarrita.
Nahiko lukete udalerri izaera eta neurri handiagoa duten toki askok Aztiriko festak eta giroa balituzte. Auzo txikia den arren, asteburu osoko egitaraua ospatu dute, auzotarren bilgune izanez eta kanpotik ere jendea erakarriz. Aztiri-Bat elkartearen eta gazte talde kementsu baten lana dago atzean.
Igandea izan da egunik jendetsuena. 17. Mendi Lasterketan 68 korrikalarik parte hartu dute. Ander Ibarguren (1:00:38) eta Lara Estebanez (1:07:32) legazpiarrak izan dira irabazle.
Auzoko helduenaren omenaldia Maria Agirre Telleriari egokitu zaio. Umil eta esker oneko jaso ditu auzokideen maitasun keinua, Aztiri-Baten lore sorta eta dantzarien Aurreskua, familiak inguratuta. Eztanda baserrian jaio zen 1935ean, eta 88 urte ditu. Bost senidetan bera zaharrena, lau bizi dira. Etxetxo baserrira ezkondu zen, eta han hiru seme eta sendia hazi dituzte. Urteen zama nabari duela aitortu duen arren, emakume langilearen jakintza islatzen du.
Herri kirolek ikusmina
Arratsaldean, herri kirolek hartu zuten jaien lekukoa. Bi talde osatu dituzte, bakoitza Aztiriko sei gazterekin eta bi Lakiolatar aizkolarirekin. Aizkora desafio partikularra Luis eta Josu Ibarguren aita-semeek irabazi dute, Iñaki eta Xabier Ibargurenen parean.
Gazteak oskol biltzen, txingekin, trontzan eta korrika aritu ziren. Aztiri Erretegikoen txinga desafio solidarioan, Izaskunek iraun zuen gehiago, eta Mavyk lehenago bota zituen pisuak. «Ni irabazle, ez: auzoa eta herria irabazle. Plaza beteta ikustea, egon zen giroa egun guztian… denok irabazle, azken finean», dio Izaskunek. Jende asko izan da.
Bola lehiaketak ere 28 bolari erakarri ditu. Joxe Mari Etxebestek jantzi du txapela (36 birla), Mikel Arroiorekin kitarakoa eginda. Nesketan Naiara Peñagarikano (33) eta gazteetan Kepa Ormazabal (32) dira lehenak.
Gabiriako txistulari taldeko sei kide baserriz baserri ibili ziren goiz osoan, goiz eresia joz. Goruntz dantza taldeko haurrek egin zuten saioa eguerdian.
‘Santamaña’ eguraldiarekin
Festak ostiralean hasi zituzten. Auzotarren arteko bola lehiaketa Josu Elortzak irabazi zuen (16 partaide). Tokan 33 lagunek bota zuten, eta irabazle Maria Luisa Lizaso eta Anartz Agirre ama-semeak atera ziren. Auzo afarian 50 lagun elkartu ziren erretegian, giro ezin hobean.
Larunbatean, euri lanbroa eta xirimiria bizi-bizi zela, benetako Santamaña eguraldia egin zuen arratsalde guztian. Hala, 26. Patata Tortilla Lehiaketa frontoiaren aterpean egin behar izan zen. 16 bikotek parte hartu zuten, eta irabazi Jose Inazio eta Ramon Agirrek. Epaile Josu Elortza, Begoña Aranburu eta Aintzane Aizpeolea aritu ziren.
Bertso afarira 46 lagun joan ziren; Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi eta Ane Beloki ziren bertsotan. Aztiriko festak gaur bukatuko dira, Santa Marina egunarekin. 11:00etan meza, eta gero hamaiketakoa dute elkartean, auzoko musikariek alaituta.