Elkarretaratzea deitu dute ostegunerako talde feministek, festen atarian
19:00etan izango da, Plaza Nagusian. Deitzaileen hitzetan, "denontzat gozagarriak" izango diren festen alde, kontzientziak pizteko elkarretaratzea izango da. "Edozein erasoren aurrean, parez pare eta antolatuta aurkituko gaituzue!".
Santa Ana festak ate joka daude. Ostiralean ekingo diote ordiziarrek aurtengo festetako egitarauari. Festak errespetuz bizitzeko eta erasoen aurrean kontzientziak pizteko elkarretaratzea deitu dute ostegunerako herriko talde feministek, Ordiziako Koordinadora Feministak, Osiñe Talde Feministak eta Kimetz Emakumeen Elkarteak, alegia.
Etzi izango da elkarretaratzea, Plaza Nagusian, 19:00etan. Deitzaileek esan bezala, “denontzat gozagarriak” diren festak aldarrikatuko dituzte. “Errespetuz bizi eta jokatzeko hautua egiten ez dutenentzat, hementxe mezua: ez etorri, ez zara ongietorria. Edozein erasoren aurrean, parez pare eta antolatuta aurkituko gaituzue!”, adierazi dute.
Festen atarian, bideo hau prestatu dute: