Gaur egingo du Ordizia Rugby Elkarteak errugbi inklusiboko azken saioa
Denboraldi honetako bosgarren eta azken deialdia denez, egitarau berezia antolatu dute. Altamiran aktibitatea egin ondoren, Plaza Nagusian egingo dute hirugarren denbora.
Gaur izango da ORE Ordizia Rugby Elkarteak martxan jarritako errugbi inklusiboko azken saioa. Errugbi inklusiboaren helburua normalean elkarrekin jokatu ezin duten pertsonei elkarrekin jokatzeko aukera ematea da, kirola bera eta dinamikak taldean dauden pertsonen ezaugarrietara egokituta.
Denboraldi honetan errugbi inklusiboko lau saio egin ditu OREk, eta gaurkoa bosgarrena eta azkena izango da. Saioetan erakunde edo elkarte ezberdinek parte hartu dute, tartean Atzegik, Gautenak, Agifesek, Tolosako Gurutze Gorriak, Beasaingo Aita Menni-k eta Ordiziako Garagune-k.
Hurrengo denboraldian deialdiekin jarraitu nahi dute. Oraingoz azkena denez, egitarau berezia antolatu dute saioei amaiera emateko. 18:00etan hasiko da. Altamira zelaian aktibitate ezberdinak egingo dituzte parte hartzaileek, 19:00ak arte. Bukatzean, Ordiziako Plaza Nagusira joango dira kalejiran, eta 19:20ean plazan bertan egingo dute hirugarren denbora, musikarekin eta jolasekin. Herritarrak animatu dituzte errugbi inklusiboa ezagutzera.